Kirolaren eta jarduera fisikoaren sektoreko langileei bideratutako bi eguneko jardunaldia antolatu dute otsailaren 6 eta 7rako Ficoba erakustazokan. Profesional horien prestakuntza osatzeko balio dezakete bi egun horietan egingo diren hitzaldi eta erakustaldiek, izan ere, alor horretan eskarmentua dute adituek emango dutelako informazioa; informazio hori elkartrukatzeko gune ere izango da Ficoba, helburu zehatz batekin: jarduera fisikoa egitea osasunarentzako ona dela.
Gaur aurkeztu dituzte jardunaldiak Irungo Udaleko Kirol ordezkari Pedro Alegrek, Jaurlaritzak Gipuzkoan duen Osasun ordezkari Maribel Larrañagak, eta Iñaki Iturrioz udaleko Kirol saileko teknikariak. Alegreren arabera, Irunen kirolari eta osasunari lotutako hainbat ekimen egiten dira urtean zehar, Igande Sasoi bezala, “kirola neurrian egiten bada eta pertsona bakoitzaren gaitasunetara egokituta badago, osasunean eragin handia duen praktika bat da”.
Zehazki, otsailaren 6 eta 7ko ekimena, udaletako teknikariei, lehen mailako arretako osasun langileei, osasun publiko teknikariei, soinketako irakasleei, eskola-kiroleko koordinatzaileei, edo kirol zentroetako kideei dago zuzenduta, eta 80 plaza daude prest horiek jasotzeko. Izen ematea doan da, baina plazak mugatuak direnez, aldez aurretik eman behar da izena
Ficobaren posta elektronikoaren bitartez, 943 66 77 88 telefono zenbakira deituz (09:00-15:00 astelehenetik ostegunera, eta ostiralean 09:00etatik 14:00etara).
Beheko estekan dago bi egunetako egitaraua.