Aurrera! ‘Endavant’!
Mariano Rajoy: «Presidentea naizen artean independentziarik ez da izango Espainiako ezein lurraldetan». Elena Valenciano (PSOE): «Ezezko borobila (un no como una casa)». Ez zait arrotza egin Espainiako bi alderdi nagusien adostasuna. Adostasun estrategikoa, esango nuke. Zaharrak berri. Lehengo lepotik burua.
Antzekoa gertatu zen Nafarroan 2011ko ekainean: PSNren botoei esker lortu zuen Yolanda Barcina UPNko hautagaiak Nafarroako presidentetza. Aukera historiko paregabea zegoen Nafarroan egoera iraultzeko. PSN (9), Nafarroa Bai (8), Bildu (7) eta Izquierda-Ezkerra (3) elkartuta, UPN (19) eta PP (4) baino gehiago izango ziratekeen, nahi izanez gero, Nafarroako presidentetza sozialistei emateko. PSN barruan indarra hartu zuen aukera horrek. Baina ez! Azkenean, ezkutuko eskuren batek zapuztu egin zuen aldaketaren aukera. Estatu arrazoia aipatu zen. Alegia, Nafarroaren espainiartasuna kolokan ez jartzeko, abertzaleei gobernuan eragiteko aukera errotik moztu beharra zegoen. Hala egin zuten.
Euskal Autonomia Erkidegoan ere ez gabiltza oso urrun. Alderdi konstituzionalistek ez dute inondik ere onartzen egungo marko juridiko-politikotik harago joaterik. Behin eta berriro emanda dute abisua. Azkena, PSEk Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeari begira esandakoa: «PSEk gertutik zainduko du Eusko Legebiltzarrean sortzekoa den autogobernu lantaldea proiektu partikularren enkante gune bihur ez dadin; are gutxiago, euskal gizartea aurrez aurre jarri eta puska lezaketen planteamenduak eragiteko tresna bihurtzerik». Bidea Estatutuan, Espainian eta Europan sartu ahal izango den autogobernua dela esan dute euskal sozialistek, hortik aurrera joan nahi luketen proposamenei pasabidea itxita. Ez dira, bada, horrenbeste hilabete edo urte igaro alderdi horiek «ETAk hiltzeari uztean dena izango da defendagarri eta egingarri» esaten zutenetik. Zailena zirudiena gertatu da. Indarkeria amaitu da. Eta? Debekuak, atxiloketak… aspaldiko errezetak. Desarme eskaera da orain hurrengo mugarria. Eta ETA desegitea. Eta… eta… eta…
Hemen deus gertatzen ariko ez balitz bezala jokatzen ari dira alderdi batzuk. ETAk indarkeria bere kabuz utzi ondorengo garaiotan, alde bakarreko mugimenduak gertatzen (eta eskatzen) ari dira. Denak alde berean (eta alde berera). Hemen, historiaren pasarte luze batean lau gaizkilek egindako baldarkeriak kitatu nahi hutsera mugatu nahi dute batzuek indarkeria amaitu ondorengoa.
Hain zuen, uste horrekin historiaren kapitulu hau itxi nahi izatea litzateke baldarkeriarik handiena. Aukerak galtzen paregabeak gara. Horretan iaioak. Nazioartetik normaltasunerako bidea erraztera etorritakoei bizkar eman diegu, «hau etxekook konpondu beharrekoa da», edo gisako zerbait adierazita, geure ezina aitortzeko gai izan gabe; eta, jakina, alde egin dute. Beraz, etxekoak eta auzokoak geratu gara. Ez atzera ez aurrera. Hori bera gertatzen ari baita Bake eta Elkarbizitza lantaldearekin. Zenbat errezelo, zenbat baldintza, zenbat… mahai hori osatzeko. Eta, osatuta ere, nork ikusten du, sikiera, gertatutakoaren kontakizuna adosteko aukerarik nimiñoena? Zer sinesgarritasun ematen dio inongo erakundetako lantalderi, etorri nahi ez duena ia beharturik ekarri nahi izateak? Zenbat baldintzatzen du euskal herritarron nahia Patxi Lopez bera Espainiako presidentetzarako bidea lantzen aritzeak (ustez)?
Gu galdera horietan eta ezinean kateatuta gaudela, harago joanak dira katalanak. Kortesiazko eskaera ere egin diote Espainiako Kongresuari herri kontsultak egiteko eskumena beren esku uzteko, horrelakorik ez dela gertatuko jakin arren. Halere, endavant! aurrera egingo dute deus adostu nahi ez duenaren ezezkoari irmo aurre eginda.
Han, Katalunian, ANC Asamblea Nacional Catalana izan zen alderdiei bidea erakutsi ziena; konstituzionalisten iritzien gainetik, alderdiak herri kontsultaren sendan jarri zituena. Gurean ere, antzekoa gerta liteke: Gure Esku Dago.