Enplegua sustatzeko 24 lagun kontratatuko ditu Irungo Udalak
Behin behineko kontratuak izango dira. Dagoeneko hamar lagunei bost hilabeteko kontratua egin die hainbat herri lanetarako, eta beste hamalauak apirilean hasiko dira lanean, antzeko lanetan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren enplegua sustatzeko programarekin bat egin du Irungo Udalak, eta datozen hilabeteetan 24 lagun kontratatuko ditu hainbat herri lan egiteko. Kontratuak behin-behinekoak izango dira.
Dagoeneko hamar lagun hasi dira lanean, eta bost hilabetez ariko dira hainbat lan egiten. Lau langile obra brigadan hasi dira lanean; beste hiru baso peoi bezala, eta beste hiru egoitzako laguntzaile bezala. Beste hamalauak apirilean hasiko dira lanean, bigarren deialdian.
Aldundiak laguntzak emateko eskatzen dituen baldintzak betetzen dituztela jakinarazi du udalak: langabezian egotea eta Lanbiden izena emanda egotea. Horrez gain, aukeraketa egiteko lehentasunak izan dituzte: langabezia saria agortuta edukitzea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzea edo urritasunen bat izatea.
Gehiago izan daitezke
Udalak gaineratu duenez, kontratu gehiago egiteko asmoa dauka, 33, hain zuzen, baina oraindik ez dago konfirmatuta.