26/09 eta 35/02 sumarioen "izaera politikoa eta antidemokratikoa" salatuko dute. Oarsoaldeko eta Bidasoko hiru lagun eta zazpi elkarte ari dira epaitzen: Rufi Etxeberria oiartzuarra, Ibai Esteibarlanda irundarra eta Idoia Arbelaitz oreretarra nahiz Basari, Girizia, Landare, Tiñelu, Trintxer, Hazia eta Antxeta elkarteak.
Oiartzungo Libre Asteburuaren aurkezpena.
Lau hilabete pasatu dira Madrilen 26/09 eta 35/02 sumarioak epaitzen hasi zirenetik. Azken hilabeteetan horien kontrako zenbait mobilizazio egin dira Oarsoaldean eta Bidasoan, eta orain, epaiketak azken txanpan sartu direla, horiek “biderkatu” egin behar direla adierazi dute Libre dinamikaren bultzatzaileek. Ildo horri jarraituz, otsailaren 1 eta 2an Libre Asteburua egingo dute Oiartzunen.
Epaiketa horiek Euskal Herrian irekitako aro politiko berriarekin ez datozela bat adierazi du Libre dinamikak, eta ekimen horren bidez, horien “izaera politikoa eta antidemokratikoa” salatuko dute.
Oarsoaldeko eta Bidasoko hiru lagun eta zazpi elkarte ari dira Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen: Rufi Etxeberria oiartzuarra, Ibai Esteibarlanda irundarra eta Idoia Arbelaitz oreretarra nahiz Basari, Girizia, Landare, Tiñelu, Trintxer, Hazia eta Antxeta elkarteak. Guztira, 80 lagun eta 110 elkarte dira.
Atzo egin zuten ekimenaren aurkezpena, eta Arbelaitzek aurkeztu zuen Oiartzungo ekitaldia. “Espainiako Estatuaren blokeoa” gainditzeko emandako pausoak gogorarazi zituen, eta gaineratu zuen, horien aurrean “deseroso” dagoela Madril. Urrats horiek errepresioaren bidetik eragotzi nahi dituela esan zuen, baina ez dela lortzen ari: “Epaiketa horiek Euskal Herrian zabaldu den aro berriarekin amaitzeko saiatzeko asmoak dira. Horregatik, herri gisa erantzun behar diogu Euskal Herriaren kontrako eraso horri”.
“Blokeoa gainditzeko “ideologia eta sentsibilitate politiko eta sozial desberdinetako herritarrak batu eta mobilizazioak areagotu” egin behar direla adierazi zuen, eta eskualdeko herritar guztiak animatu zituen Libre asteburuan parte hartzera.
Egitaraua
Otsailak 1, larunbata
- 16:00: Mus Txapelketa, Girizia elkartean.
Otsailak 2, igandea:
- 09:30: Bizikleta martxa herriko kaleetan.
- 11:30: Muxikoak Doneztebe plazan eta haurrentzako jolasak Kontzejupe plazan.
- 12:30: Kantu jira dultzainero eta musikarien laguntzaz eta pilota partida (Kontzejupean): Girizia–Landare
- 14:30: Bazkaria, Girizia elkartean. Txartelak 15 euroan (langabeak 10 euro) daude salgai Amazkar, Garmendi txokolategian eta Landaren.