Gipuzkoako Foru Aldundiaren Untzi Museoak Gipuzkoako itsasaldea artean erakusketa inauguratu du. Aurkezpenean Ikerne Badiola Kultura Gazteria eta Kirol diputatuak adierazi duenez, "erakusketa honek gure kostaldearen bilakaera erakusten digu; arte plastikoetan gertatu den eboluzioa jasotzen du, eta gure ondarearen obra esanguratsuak jartzen ditu elkarrekin".
Erakusketako margoetako bat
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Untzi Museoak
Gipuzkoako itsasaldea artean erakusketa inauguratu du. Museoaren bi solairu nagusietan banatzen da eta 2014ko ekainaren 29 arte egongo da publikoarentzat ikusgai. Aurkezpenean Ikerne Badiola Kultura Gazteria eta Kirol diputatuak adierazi duenez, “erakusketa honek gure kostaldearen bilakaera erakusten digu; arte plastikoetan gertatu den eboluzioa jasotzen du, eta gure ondarearen obra esanguratsuak jartzen ditu elkarrekin”.
Erakusketa Gipuzkoako itsasaldean zehar ibilbide bezala ikus daiteke —Bidasoako estuariotik Mutrikuraino—, olio pintura, akuarela, grabatu eta litografien hautaketa baten bitartez. Erakusketaren bidez, itsasalde honen paisaia fisiko eta humanoak denboran zehar izan dituen bilakaerak eta iraunkortasunak ezagutu ahal izango dira.
Erakusten diren 111 lanen artean XIX. eta XX. mendeetako artearen historian ezagunak diren margolariak daude, besteak beste, Dario de Regoyos, Antonio Brugada, Ignacio Ugarte, Jose Salis, Daniel Vazquez Diaz, Bienabe Artia, Elias Salaverria, Carlos Saenz de Tejada, Ascensio Martiarena, Jesus Apellaniz, Mentxu Gal, Gonzalo Chillida edo Raul Urrutikoetxea. Hauen ondoan gaur egun jardunean aritzen diren artisten obrak ikus daitezke, Jose Gracenea, Clara Gangutia, Alejandro Garmendia, Eduardo Chillida Belzunce, Nori Ushijima, Iñaki Bilbao, Jesus Manse, Juan Luis Goenaga, Dora Salazar edo Tomas Hernández Mendizabalenak. Artista batzuek lanak egin dituzte bereziki erakusketa honetarako.
Besteak beste, erakusketan, XVII. Mendeko Sebastien de Beaulieu-ren tamaina handiko grabatua ageri da, Bidasoako bokalearen irudi panoramikoa erakusten duena (Konpantzia Uhartean Pirinioetako Hitzarmenaren sinaduragatik eginiko grabatua).
Gipuzkoako itsasaldea artean ekainaren 29ra arte bisitatu daiteke, asteartetik larunbatera goiz eta arratsaldez (10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara) eta igande eta jaiegunetan goizez (11:00etatik 14:00etara).