Pasaiako Udalbatza
Urte Zaharreko sutean kaltetutakoen ordezkaritza zabala bertan zela, aho batez onartu zuen atzo udalbatzak etxea galdu dutenei hainbat zerga kitatzeko proposamena. Ezohiko udalbatza izan zen. Akordioa aldez aurretik adostuta ekarri zuten talde politikoek, eta onarpena berretsi baino ez zuten egin, aho batez. Denon izenean Amaia Agirregabiria alkateak hitz egin zuen. Lehenik eta behin sutearen eguna “denon oroitzapenean luze iltzatuta” geratuko dela aitortu zuen, eta jarraian etxeak errez geroztik udaleko departamentuetan egin dituzten lanen berri eman zuen.
Udal langileei esker ona adierazi zien alkateak, azken 20 egunetan egin duten lan eskergarentik. Udaltzainak, Hirigintza Departamentuko langileak, zerbitzuetakoak, Gizarte ekintzakoak, Ogasuna eta Ondare Departamentukoak… guztiak izan zituen gogoan. Alkateak jakinarazi zuenez hainbat udaltzainek egindako aparteko orduen irabaziak kaltetuentzat ematea erabaki dute, eta harro hitz egin zuen Gizarte Zerbitzuen gainean: “askotan esan izan da Pasaiakoak direla Gipuzkoako gizarte zerbitzurik onenak, eta egun hauetan frogatuta geratu da gizarte zerbitzu eredugarriak ditugula”.
Elkarteen elkartasuna txalotu
Pasaiako elkarteek erakutsitako elkartasuna ere txalotu zuen alkateak: “Pasaia herririk pobreena izan daiteke, baina aberatsena da, duen elkarte sare indartsuari erreparatuta”. Zentzu berean, Udaleko politikoek gertatutakoaz ikasgaia atera dutela esan zuen eta aurrerantzean eratu duten mahai tekniko politikoaren bueltan denak elkarrekin eseri eta erabakiak kontsentsuz hartzeko saiakera egingo dutela agindu zuen alkateak.
Hurrengo astean Eusko Jaurlaritzako komertzio sailean hitzordua dutela iragarri du alkateak, bestalde, sutean kaltetutako merkatarientzako irtenbideak bilatzeko. Horrez gain, banketxeekin negoziatzeari ekingo diotela iragarri zuen alkateak, etxearen hipoteka ordaintzen ari diren familientzat urtebeteko karentzia lortu asmoz.