Nautilusen amesgaiztoa euskaldunon gozagarri

Esan ohi da fikzioak errealitatea gainditzen duela maiz; eta kasu hau, zalantzarik gabe, honen adierazgarri da. Aurreko asteartean 50 metro luze dituen olagarro erraldoi bat iritsi zen Kaliforniako kostara, Santa Monika hondartzara. Harrigarriena da ez dela lehenengo aldia, azken hilabete hauetan Ameriketako Estatu Batuetako hondartzetara iritsi den bigarren moluskua baita. Berria, The Lightly Braised Turnip webgunean kontsultatu daiteke, animalia puska honen argazki eta guzti. Beldurrezko istorio eta kondairetako ur azpiko munstroak bere ezkutalekutik ateratzea erabaki du antza. Ikerlarien aburuz, arrazoia Fukushimako zentralak etenik gabe isurtzen duen ur kutsatuan legoke. Erradiazioa litzateke, hortaz, olagarro hauek erraldoi bihurtu izanaren kausa. Lasai egon zaitezkete. Sare sozialetan berehala hedatu den eta Facebooken 1,2 miloi like jaso dituen berri hau faltsua da. Helburua: Fukushimako isuri toxikoak salatzea. Hori ez baita, zoritxarrez, asmatua. Memoria eskasa dugu horrelako ezbeharretarako, besteenak direla iruditzen zaigunean bereziki. Hondarribiko hondartzan 50 metroko txitxarro erradioaktiboa agertuko balitz hasiko ginateke, agian, munduko beste puntan zentral nuklearra hozteko erabiltzen duten sistemaz interesatzen. Baina hori gertatu arte, badaukagu denbora sobera Hollande-ren ustezko maitalearen nondik-norakoen eta honen emaztearen krisi-nerbiosoaren inguruan informatuak egoteko. Berri faltsu honek badu ikara puntu bat sorrarazten didan beste alderdi bat ere: hedabideek gu manipulatzeko eskura dituzten erreminten hazkunde neurrigabekoa. Berri bat asmatu, argazki bat photoshopekin moldatu eta denbora gutxian 1,2 milioi pertsonek ikusi dute. Ikerlarien iritzia ere sartu dute artikuluan. Martin L. Grimm biologoak, adibidez, erradiazioak sortutako gigantismoan aditua, gauzak horrela jarraituz gero, Austin bezalako hiri oso bat elikatuko lukeen atun erraldoi batean pentsa genezakeela adierazi du; eta Bruce Kenner-ek, itsas biologoa, hemendik gutxira Manhattango etxe-orratzen altuerako marrazoak irudikatu ahal izango dugula gehitu du. Adituak ere, noski, asmatutakoak dira. Non dago, hortaz, muga? Frantzian, Dieudonné-ren ikuskizunak —antza mezu antisemitak zabaltzen dituen umorista— debekatzea zilegi den edo adierazpen eskubidearen aurka doan eztabaidatzen ari diren honetan, esango nuke aspaldi galdua dugula herritarrengan zabaltzen diren mezuen gaineko kontrola. Generación alien izenburupean telebistan botatzen dituzten dokumentaletako bat ikusi nuenean ohartu nintzen horretaz. Hauetan, historiako hainbat pasarte estralurtarren eraginez gertatu ote ziren planteatzen da; eta hemen ere ez da falta gaian adituan denik. Batek baino gehiagok bertan esandakoa sinetsiko duela jakinda ere, dokumental formatuan horrelako astakeriak esaterik badago, muga bat behintzat gainditu dugula esango nuke: sen onarena. Garrantzitsua da, hala ere, gauzak ikuspegi positibo batetik aztertzea. Demagun Fukushimako isuri erradioaktiboak hurrengo urteetan bere horretan jarraitzen duela eta Kontxako hondartzara oraindik fikzioa diren olagarro erraldoiak iristen direla. Agian burua San Sebastian Egunean daukadalako izango da, baina etorkizun hurbileko panorama irudikatzen hasia naiz dagoeneko. Elkarte gastronomikoek prezio neurrigabea duten angulak alboratuko dituzte behingoz, eta beste plater bat bihurtuko da urtarrilaren 19ko tradizio: txipiroi erraldoia Fukushima saltsan!
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.