Itsasoaren mugak
Irundik barna Mendelura iritsi naiz. Juan San Martinek Jaizkibel mendiko izen zahar batzuk artikuluan Jabier Aranburuk kontatutako pasadizo polita idatzi zuen Mendelu auzoa aipatuz. Jabierren amak, Celestina Sagarzazuk, anai arreben arteko haserreren bat sortzen zenean, elkarrengandik ahalik urrutien bereizteko «zu Mendelura, zu Lexanabarrera» esaten omen zien, hau da, Hondarribian urrutien zeuden bi muturrak. Celestinaren hitzek herriko mugak ondo adierazten zituzten. Mendelu Irunekin muga egiten duen auzoa da, eta Leizanabar Pasaiarekin muga itsasaldean.
Mendelutik atera ondoren, Amute utzi eta mendian gora, beraz, Lexanabarrerantz noa. Bertan, beste muga bat zeharkatuz Pasaian nago. Pasaitarrek ere herri mugak garbi zituztela kontatu zigun Victor Hugok. Idazle ezagun honek 1843an Basquetz izeneko andrearen etxean ostatu hartu zuen Pasaian. Behin, Lezo ezagutzera joan zen eta itzultzerakoan etxeko andreak galdetu zion:
– A, jauna, zeinen berandu zatozen! Ez duzu afaldu? Eta nondik zatoz horrela?
– Lezotik
– A, Lezora joan zara?
– Bai, anderea, eta zu, ez al zara nehoiz egon?
– Ez jauna!
– Eta, zergatik?
– Bada, herri honetakoak, ez garelako nehoiz joaten Lezora!
Basquetz anderearen hitzek oso argi azaltzen dute, harentzat eta haren herrikideentzat Pasaiako mugak oso garbiak zirela, eta muga horietatik kanpo zegoena ikusteko behar handirik ez zegoela .
Teresa Del Valle antropologoak muga eta frontera/frontière kontzeptuen artean ezberdintasunak daudela aipatzen du. Fronterak kanpotik edo goitik ezartzen dira, bertakoek ez dute parte hartzeko aukera handirik. Mugak, ordea, inplikatuta dauden pertsonen edo herrien artean negoziatzen dira. Mugarria jartzeak hitza ematea adierazten du eta, beraz, harri horiek balio sinboliko handia dute. Mugak herri historiaren parte dira eta, mugarriaren bidez hitzaren balioa adierazten da.
Celestina Sagartzazuren eta Basquetzen mugak eta hitzak buruan, Jaizkibelgo txoko zoragarri honetan, Leizanabarren, itsasoari begira geratu naiz. Pasaia eta Hondarribia itsas ertzean daude, eta bi herri hauen herritarrak urrutira joan izan dira itsasoa zeharkatuz. Baina itsasoa nekez muga daiteke. Kuriosoa da itsasoz Irlandaraino edo Ternuaraino joaten ziren horiek ondoko herriko muga zeharkatzeko interesik ez edukitzea. Itsasoan mugak jartzea zaila baita.
Duela ia berrehun urte Victor Hugo liluratuta geratu zen Jaizkibel mendiaren ikuspegiarekin eta hitz hauek idatzi zituen: «Itsasoa, itsasoa bakarrik. Ikuskizun bikain eta betierekoa!»