Itsaso izan nahi dugun tantak
Bai, tanta urdin txiki bat naiz mundua den ozeano izugarri handi honetan. Baina nire txikitasunean, tanta izan nahi dudala esan nahi dut ozen. Baita Brievako (Avila, Espainia) kartzela atari honetan ere, Gaztelako eremuak sekula baino idorragoak iruditu zaizkidan arren.
Goizaldean, kartzela bidean, jakin dut EPPK-k agiria kaleratu duela. Taberna batean La voz de Avila eta El Pais gainbegiratu ditut, begi-ertzetik telebistari jarraitzen nion artean. Esnatu eta gorrotoz elikatu zuten piztia zeinen aseezina den sentitu dut berriz ere, hura asetzea zenbaterainoko arazoa bihurtu den guztiontzat: guretzat eta haientzat.
Kartzelako hormak ikustatu ditudanean, sekula baino zaharragoak iruditu zaizkit. Espainiako bandera azkenekoan bezain zarpazahar ageri da lau haizetara dantzan sarrera nagusiko mastan. Noizbait han denbora gelditu egin zela dirudi.
Aurreko bisitan Olatzek esandakoak etorri zaizkit gogora. Nola HITZA-ko leiho honetan bertan Oreretan piztu zen banderen gerraren 30.urteurrenaren harira idatzitakoak bere eskuraino heldu eta hunkitu zituen; akorduak, batez ere. Kartzela arteko kilometro luzeak, haren horma lodiak, igaro beharreko burdinezko ate guztiak ikusi nituen… nola iritsi ote zen bere eskuetaraino?
Antza, ezinezkoa zen bidearen bestaldean imajinatu nituen Lujanbio eta Patxi Foncalenteko kartzelan. Norbaitek Oreretatik Alacantera eramango zion Lujani eta kide duen Patxiri ematea otuko zitzaion. Honek, Alacantetik Avilarakoa antolatuko zuen Orio edo Usurbildik barrena. Zenbat buelta, zenbat esku eta zenbat pakete behar izan ote zituen egunkari mutur horrek, Whatsapp bidez munduko edozein bazterretara instantean hel zitekeen garaian. Behin etxe txokoan idatzitakoak ziega zulo horietarainoko bidean irudikatzeak zimiko egin zidan bihotzean.
Kartzela atarian dagoen guardia zibilak Espainiako Nortasun Agiria eskatu dit. Joaten naizen aldiro bezala, orri zurian boligrafo urdinez kopiatzen ari dela ikusi dut: «Nacida en Donostia (…), hija de Francisco y Maria Cruz, domicilio…», eta kotxea hartu beharrean denboraren makina hartu izan banu bezala sentitu naiz, mendeak atzera egina. Funtzionarioak zabaldu du azkeneko burdinezko atea. Lokutorio honetan sartzeko agindu dit. Berehala etorri da Olatz kristalaren eta burdinezko barroteen beste aldera.
Berria irratiz entzun duela esan dit, irrikitan dagoela agiria osorik irakurtzeko. Euskal Herrian gaur irakurtzen ari zaren egunkaria kartzelara ez da hiru edo lau egun pasa arte iritsiko, ongi bidean. «Eta?» galdetu didate bere begi erneek. «Kanpoan zaunka ari du», esan diot.
Ustekabean igaro dira 40 minutuak, eta kalera irteteko burdinezko atea noiz irekiko duten zain nagoela hunkidurak bildu nau. Kanpoan Eguberriak dira, 2014ko urtea hasteko bi egun falta dira. Hemen barruan, ordea, ez dakit zein urte den, ezin diot tankerik eman: aspaldi da, paseak behar zuten garaiak. Zer arraio egiten dugu hemen barruan, oraindik?
Jon Sarasua bertsolariak kontatutako ipuina datorkit burura: «Suak hartu omen zuen behin oihana, animalia guztiek ziztu bizian aldegin zuten dena utzita. Beija-florrek (kolibrik) ere bai, baina errekatik mokoan ura hartu eta suari tanta bat botatzera itzuli omen zen. Ondoren berriz itzuli zen, eta gero berriz. Esan zioten alferrik ari zela, ez zuela sutea horrela itzaliko. Bazekiela erantzun zien, baina hori zela berak egin ahal zuen apurra».
Zer da nik egin dezakedan apurra? Zurekin, nire antzera tanta zaren horrekin, eta beste milaka tantekin batera itsaso zabala erakus dezakegu bihar Bilbon denok elkarrekin. Itsaso urdin, sakon eta handia. Korronteekin, itsas azaleko eta itsas hondoko tantekin. Behingoz, norbera bere ametsekin, libreki nabigatu ahal izango dugun itsaso zabala!