Gaur goizean bilduta egon dira Urte Zahar gaueko sutearen ondorioz etxea galdu duten bizilagunak, alkateordetzan. Udalak atzo Eusko Jaurlaritzarekin izandako bileraren berri eman die, eta bizilagunen esku utziko dituzten etxe berrietara joan aurreko urratsak zein izango diren azaldu dute.
Horrez gain, eta udaleko hirigintzako arduraduna bertan zela, etxeetara oraingoz ezingo direla sartu jakinarazi diete. Fatxada bat mugitzen hasi dela ikusi dute, eta txosten teknikoak argitzeke, oraingoz arriskutsua dela eta ez dutela sartzen utziko esan diete. Dena galdu dutela jakin arren, “ikusteko beharra dutela” aipatu dute hainbat bizilagunek, eta sartzen uzteko eskatu. Etsipena eta ezinegona da nagusi kaltetutakoen artean.
Morlans eta Luzuriaga
Sei hilabetez doan utziko dizkiete etxeak bizilagunei, eta hortik aurrera errenta ordaintzen hastea izan da Eusko Jaurlaritzaren proposamena. Udalak Eusko Jaurlaritzak beren esku utziko dituen etxeen inguruko informazioa biltzeari ekingo dio orain, eta era berean, bizilagunekin biltzeari, kaltetutako guztien beharren berri jaso, eta ondoren behar horien arabera etxeak esleitzen hasteko.
Bizilagunekin izandako bileraren ondotik Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak eman duen prentsaurrekoan azaldu duenez, beren nahia da bizilagunei Pasaian ostatu ematea, baina oraingoz horretarako aukerarik ez dagoela argitu du. Izan ere, Antxoko Luzuriagako etxeak oraindik bukatzeke dituzte, eta ekaina edo uztaila arte ez dituztela bukatuko aurreratu du. Velascoko aukera ere aipatu izan da, San Pedron, baina etxe horiek pribatuak direla eta udalak ez duela horretarako aukera argitu du alkateak. Bien bitartean, Morlanseko aukerari helduko diote, baina beti ere, bizilagunak gerora Pasaiara ekartzeko helburuz.
Bi lekukok deklaratu dute
Bi kontu daude oraindik argitzeke. Batetik suhiltzaileen txosten teknikoek etxeen egoera zein den argitu behar dute, eta bestetik, Ertzaintzaren ikerketa dago zehazteke.
Txosten teknikoek esaten dutenaren arabera, bizilagunek etxeekin zer egin erabaki beharko dute, eta erabaki horiek hartzen laguntzeko Udalak beste bi txosten eskatu dituela argitu du Agirregabiriak, “beti ere, bizilagunei ahalik eta informazio gehien eman eta erabakiak hartzeko orduan laguntzeko”.
Ertzaintzaren ikerketak ere aurrera jarraitzen du. Alkateak jakinarazi duenez aste honetan bi lekuko izan dira deklaratzen, eta poliziak ikerketekin aurrera jarraitzen du, sutea zerk eragin zuen argitzeko. Bengala bat izan dela baieztatu da lehen unetik, baina ikerketak baieztatu beharko du oraingoz indar gehien hartu duen hipotesia.
Bizilagunen batzarra