Trintxerpeko sutean kaltetutakoak etxeetan sartzen hasi dira
Txandaka sartzeko baimena dute, soilik ordu erdiz. Eusko Jaurlaritzak etxe sozialak jarriko ditu haien esku.
Trintxerpeko Euskadi Etorbideko 5 eta 7 zenbakietako bizilagunek etxean sartzeko baimena dute. Goizeko lehen ordutik hasi dira sartzen, eta ari dira gauzak ateratzen. Sutearengatik aterarazi eta bi egunera. Txandaka sartzeko baimena dute, soilik ordu erdiz. Atzo aztertu zuten etxebizitza blokeen egoera, eta kaltetuei euren ondasunen bila joateko aukera eman diete.
Eusko Jaurlaritzak etxebizitza sozialak jarriko ditu suteak kaltetutako bizilagunen eskura. Atzo aurreratu zuen Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako sailburuak. Oraindik, ordea, ez dute zehaztu etxebizitzak eraitsi behar izango dituzten ala ez.
Amaitzear dauden etxeak dira; Pasai Antxoko Luzuriaga inguruan daude, adjudikatu gabe. Kaltetuek, ordea, ez dakite hilean zenbat ordaindu beharko duten etxe horiengatik. Erakundeetako ordezkariek esan dute kasu bakoitza aztertuko dutela.