
Udaleko arkitektoak esandakoaren arabera Urtezahar gauean su hartu zuen 5. zenbakiko etxea “ziurrenik” eraitsi egin beharko dutela jakinarazi du Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak. Gaur goizean emango dute erabakiaren berri ingeniari eta arkitektoen talde teknikoen azterketaren ostean.
Kaltetutako bizilagunei arreta emateko bulegoa zabalduko du bestalde 11:00etan Pasaiako Udalak.
Suteak kaltetutako bizilagunak “haserre” daudela eta etsipenez bizitzen ari direla gertatutakoa azaldu du Agirregabiriak Euskadi Irratian goizean egindako adierazpenetan
BERRIA egunkariak jaso duenez, eta udalak kaltetuen eta aseguru etxeen artean bitartekaritza lana egiten saiatuko dela esan du.
Bengala bat
Bengala batek sortu zuela sua da hipotesi nagusia eta horren harira, beharrezkotzat jo du Pasaiako alkateak pirotekniaren erosketa eta erabilera arautzea. Sutearen ondorioz, lau etxebizitza bloke hutsarazi behar izan zituzten Urtezahar gauean Trintxerpen. Bi etxe erabat kiskalita gelditu ziren eta 48 familik etxetik kanpo igaro behar izan zuten urtearen lehen gaua.