‘Anti bunching system’
Qr, bidi, sms, www, app… bezalako hitzez daude josiak Donostiako garraio publikoaren inguruko albisteak: puntualtasuna, maiztasuna eta denboraren probetxu erabatekoa helburu. Izan ere denbora aspaldidanik urre kontsideratu baldin bada ere, azken boladan sekula baino kilate gehiago dituelakoan nago. Baina ez pentsatu gazte modernoen kontua denik soilik, atzo ohartu nintzen detaile honetaz autobus geltokira iritsi nintzenean. Ailegatu eta pantailara begiratu nuen, instintiboki, autobusa galdu nuenaren susmoa baretu edo egiaztatu aldera. «Ufff… oraindik lau minutu falta dira». Segundo batzuk geroago aldatu zen markagailua, arazo teknikoren bat antza, iristekotan zegoela adieraziz. «Hobe!», pentsatu nuen, eta ilusioa ere egin zidan, izugarrizko zortea nuela iruditu zitzaidan. Badira ia bi urte Donostian bizi naizela baina badirudi Hondarribiko ohiturak barru barruraino sartuta dauzkadala. Autobus geltokira joan eta patxadaz itxaroteko filosofia hori, Irunera puntualtasunez iristeko ia ordu bat lehenago —agian pixka bat exajeratuz— paradan egon beharra… Geltokira iritsi eta minutu gutxitan autobusean eserita egote hori sinestezin egiten zait oraindik ere.
Bazirudien, baina, autobus geltokian geunden guztiok ez genuela emozio berarekin jaso autobusa pantailan jarritakoa baino lehenago iristea. Bi gizon, 70 urteren bueltan ibiliko zirenak, kexu ziren. «Ez dakit zertarako jartzen dituzten pantaila horiek gero ez badute sekula asmatzen», zioen batek, «behin 52 minutu falta zirela jartzen zuen eta bost minutuan iritsi zen, denborak jartzen dituenak bi zenbakia sakatuko zuen nahi gabe», zioen besteak. Kuriosoa suertatu zitzaidan, teknologia berriei hain ohituta ziruditen haiek pantailaren atzean pertsona bat irudikatzen zutela jakiteak, autobus bakoitzak geltokitik zuen distantzia minuturo eskuz aldatzen.
Egoera honetaz gogoratu naiz Dbus-en inguruko azken berria irakurtzerakoan. Pantailarik ez duten geltokietan Qr kodearen bidez autobusa noiz iritsiko den jakingo dugu hemendik aurrera. SMS bidez edo Interneteko webgunean kontsultatzearen beste alternatiba izango da. Ez dakizuela zen den Qr kodea? Quick Response Code! Horrela ere ez? Nik ere ez nekien, egia esan. Seguru ikusi duzuela leku batean baino gehiagotan barra kode moduko bat, txuri-beltzezko laukitxoez osatua, jendea barra kodearen aurrean zutik, eta mugikorra honi pegatua. Ba hori da. Informazioa mugikorrean ikusteko balio du. Artikuluan zera zioen, kode hau erabiltzeko beharrezkoa dela sakelako telefonoan Interneta edukitzea.
Hori irakurri eta eszena etorri zait gogora, nire burua ikusi dut Movistarreko dendan sartzen, duela urtebete inguru, zaharkitua geratutako tarifa garestia aldatzeko asmoarekin. Horrela esan nion dendariari: «Kaixo, tarifa aldatu nahi dut, baina ez dut Internetik nahi mugikorrean». Eta han atera nintzen, sakelako berriarekin —nirea ez omen zen android eta dagoeneko ez zen erabilgarria—, Internet tarifa fijoarekin, sekula begiratzen ez dudan Movistar aldizkari horietako batekin… eta bi urteko atxikimenduarekin! Esango nuke, norbaitek oraindik mugikorrean Internetik ez badu Movistar denda batetik pasatu ez delako izango dela, ez dakit zenbat ordainduko dieten, baina benetan profesionalak dira.
Qr, bidi, sms, www, app… gutxi ez eta orain anti-bunching sistema sartu ei dute hainbat autobusetan; autobus gidariari presioa sartzen dion tablet bat, hitz gutxitan esanda. Irudi batzuen bidez gidariak jakingo du ea hurrengo geltokira garaiz edo berandu iristen den eta hortaz polikiago edo azkarrago joan behar duen; honez gain, baita geltoki bakoitzean denbora gehiago edo gutxiago zain egon behar duen.
Iruditzen zait, hiriburuko autobus gidariek anti bunching sistema hau baino gehiago eskertuko luketela, Hondarribikoek anti stress ikastaro bat emango baliete.