Ordubete atzera
Edo ordubete aurrera. Segun eta nondik nora zoazen, segun eta zer interesatzen zaizun une horretan. Segun eta non bizi zaren edota non lan edo ikasten duzun.
Espainiako Kongresuko Berdintasun Batzordeak, hainbat adituk kontziliazioari eta ordutegien arrazionalizazioari buruz landutako txostena oinarritzat hartuz, erlojua ordubete atzeratzea proposatu dio Espainiako Gobernuari. Eta onartuz gero, aldaketa gauzatuz gero, Ipar eta Hego Euskal Herrian ordu desberdinak leudeke eta erotzeko modukoak izan daitezkeen egoerak eragin ditzake zenbaitzuengan. Bereziki, eskola, lana eta bizilekua hirukoaren konbinazioa nahastuen dutenengan.
Egunkarietan irakurri dudanez, orain dela 73 urte arte Euskal Herriko ordua, geografikoki tokatzen zaion bezala, Greenwich meridianoaren araberakoa omen zen, egungoa baino ordubete atzerago. Baina Bigarren Mundu gerran gertatu zen aldaketa. Naziek Frantzia hartu zutenean Alemaniaren ordu zonara pasatu zuten. Eta Hitlerrekin zuen hurbiltasuna medio, Francok ere gauza bera egin omen zuen. Eta harrezkero, Euskal Herrian Europa erdialdeko ordua erabiltzen da, eta ez, dagokion bezala, Europa mendebaldekoa.
Beraz, hala erabakiz gero, Euskal Herriak, menpeko herri den heinean, herri bakar gisa bere interesekoa dena adostu eta erabaki ezin duenez, zatiketa politiko eta administratiboari ordutegi zatiketa erantsi beharko diogu. Eta askorentzat, erritmo biologikoa tarteko, egunerokoan ondorio onuragarriak izango baditu ere, beste batzuentzat orain guztiz aurreikustea zaila diren baina imajinatu daitezken ondorio kaltegarriagoak izango lituzke erabaki honek.
Hendaia eta Irun arteko Santiagoko zubia igarotzen dugun aldiro eguneroko bizitza erritmoa aldrebestuko zaigunez, Gipuzkoako Foru Aldundiari Lapurdi eta Gipuzkoa trafiko seinaleen alboan tokian tokiko orduaren berri emango duten ordulari digital erraldoiak ezartzea eskatu beharko diogu. Hendaian bizi garenok etxetik 17:30ean irten beharko dugu Irunen, eskola irteeran, haurrak 17:00etan jaso nahi baditugu. Etxetik 7:00etan irten beharko dugu lanera ordubete beranduago, baina beti 7:00etan, sartu nahi badugu. Ordubetez 7:00ak puntuan direla bizitzea bezala izango da. Eguneko ordu magikoetako bat izango da hau. Ordu berean jaiki eta ordu berean lantokian egon zaitezkeen ordu magikoa. «Egun on entzule. Antxeta Irratiaren sintonian zaude. 89.7 Fm. Goizeko 7ak Hendaian, 6ak Irun eta Hondarribian» entzun ahal izango dugu adibidez.
Iruditzen zait hegoaldean lantokia eta eskola, baina Hendaian bizilekua dugunon etxeko horma-ordularietan hegoaldeko ordua izango dugula presente, eta Irunen bizi eta eskola edota lana Lapurdin dutenen etxeetako horma-ordularietan iparraldeko ordua. Edo Paris-New York ordu berezitua duen ordulari bikoitz horien antzera, Irun-Hendaia dion ordulari bikoitza zintzilikatu beharko dugu bestela.
Hala ere, ikusi behar proposamenak aurrera egin eta lege bihurtzen den. Hala balitz, laster izango genukeen horren berri, ordubete lehenago edo beranduago, segun eta Mendebaleko Euskal Herrian edo Ekialdeko Euskal Herrian gauden. Baina honen guztiaren helburu nagusia kontziliazioa eta ordutegien arrazionalizazioa bada, uste dut bestelako kultura soziala eta kontziliazio politika eraginkorragoak beharko direla egiazko kontziliazioa lortzeko. Ordulariak ordubete atzeratzearekin bakarrik ez baikara Greenwich meridianoaren ondoan dauden Europa iparraldeko herrialdeen kontziliazio mailaren pare jarriko.