
Xabier Iridoy, azalpenak ematen
Mugikortasun Mahaiaren bilkuraren harira, TAO hiriaren hainbat gunetara zabaltzeko aukeraren gaineko hainbat kezka eta iradokizun plazaratu ditu Irungo EAJk. Batetik, uste du ez dela beharrezkoa Dunboa osoan TAO jartzea. Bertan 559 aparkaleku daude zenbatuta. eta Dunboa ikastetxearen inguruko 110ak libre gelditzea eskatu du, TAO txartelen zenbatekoa egoiliarren kopurua baino handiagoa izango delako. Hala ere, oro har, TAOren proposamenarekin ados dago EAJ, “diru sarrera gehiago ekartzeaz gain, egoiliarrei mesede egitea duelako helburu”. Gobernu Taldearen proposamena aztertzen ari direla esan dute ere jeltzaleek.
Salis etorbidean eta Santiago kaleko TAOn ere arreta jarri du EAJk. Biak erdigunetik hurbil daude, eta pertsona askok erabiltzen dituzte bi eremu horiek aparkatzeko, “lanera edo egonaldi luzea igarotzera etortzen dira horiek. Ondorioz, ez dira TAOren erabiltzaile tipoak”.
Gainera, EAJk aurreratu du Gobernu Taldearen TAO zabaltzeko proposamena ez duela kanpoaldeko auzoetan gauez aparkatzeko dagoen “arazo larria” konponduko.