Bizikidetza programak abiatuko dituzte Hondarribiak, Irunek eta Errenteriak aldundiarekin
Giza eskubideen, bizikidetzaren eta memoria historikoaren arloan aurrerapausoak emateko xedearekin, bizikidetza sustatzeko programa bat osatu du aldundiak eta lurraldeko hamahiru herrialdetan gauzatuko dute, haien artean, Hondarribia, Irun eta Errenteria-Orereta.
Giza eskubideen, bizikidetzaren eta memoria historikoaren arloan aurrerapausoak emateko xedearekin, bizikidetza sustatzeko programa bat osatu du aldundiak eta lurraldeko hamahiru herrietan gauzatuko dute, haien artean, Hondarribia, Irun eta Errenteria-Orereta.
Atzo, Marina Bidasoro Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariak aurkeztu zuen egitasmoa Donostian. “Bizikidetza programa honek ekarpena izan nahi du bake prozesuaren testuinguruan, erakundeon lana funtsezkoa baita garaiotan, konfiantza berreraikitzeko, iraganari aurre egiteko eta adiskidantza sustatzeko. Lan honetan ezinbestekoa da gizartearen parte-hartzea, eta horretarako tokian tokiko erakundeen bultzada eta elkarlana behar dira, bereziki udalena, haiek baitira herritarrengandik gertueneko erakundeak eta baita eragin gaitasun handiena dutenak”, adierazi zuen Bidasorok.
Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren zuzendariaren iritziz, indarkeriak herritarrengan eragindako zauriak sendatzeko ezinbestekoa da bizikidetzan urratsak ematea: “Urte luzeetan, indarkeria, bazterkeria eta giza eskubideen urraketak udalerrien eguneroko bizikidetzan eragin handia izan du. Pertsonen arteko harremanak, gizarte harremanak kaltetu egin dira eta iritsi da garaia elkar entzuteko, aitortzeko, eta bizikidetza sustatuko duen konfiantza sortzeko. Etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko”.
Iaz baino %30 gehiago
Orotara, 120.000 euro banatuko du aldundiak lurraldeko hamahiru herrietan (Hondarribia, Irun eta Errenteria-Orereta, Getaria, Tolosa, Orio, Donostia, Urnieta, Azpeitia, Lasarte, Andoain, Elgoibar, Zarautz) bizikidetza programak abiatu ditzaten. Bigarren urtea izango du aurten bizikidetza sustatzeko foru programak eta, iazko arrakasta ikusirik, %30 hazi da egitasmorako zuzendutako dirua. “Iazko arrakastaren horren adierazle garbienetako bat izan zen Errenterian martxan jarritako Eraikiz ekimena, non alderdi, kolore eta izaera askotako biktimak, eragileak eta elkarteak batu ziren”, gehitu zuen Bidasorok.
Bizikidetza programari lotuta, aholkularitza talde bat sortu du aldundiak. “Une honetan aholkulari talde horretan Lokarri, Baketik eta Bakeola ari dira lanean eta aurrerantzean beste elkarte eta eragile batzuk ere aritzea nahi genuke. Aholkularitza talde honek udalekin egingo du lan zuzenean eta Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Zuzendaritzarekin batera proiektuen balorazioa eta jarraipena egingo da”.