Angel Elortegi: "Blas de Lezoren mundua"
Pasaiako Itsas-Arrantza Institutuak berriki “Blas de Lezo” izena hartzea erabaki du. Orain egun batzuk, David Zapirain historialariak idatzi bat publikatu du gogor kritikatuz erabaki hori.
Gaia interesgarria da, ezen, nire iritziz, iragan urrunari gaur nola begiratu behar diogun baita auzia.
Urte asko ez dira Pasaiako kale-izendegi berrirako proposamen bat egin nuela. Proposamen hartan, San Pedroko kai aldeko kaleari Blas de Lezo Kalea izena ezartzea proposatzen nuen, Blas de Lezoren etxe ingurura eramanez izena. Zalantzarik ez dago, beraz, geure itsas-ondaretzat daukadala bai bere figura eta bai bere mundua zena ere, bere argi-ilun guziekin.
Egun, zientzia eta kultura alorreko gero eta jende gehiago bat dator aitortzean euskaldunei mundu mailan nabigazioaren historian izan duten postu gorena. Eta aitorpen hori mundu zabal bezain konplexua zen hari zor zaio. Alegia, itsasoaren eta nabigatzaileen munduari.
Mundu zabala bai, bere ontziola, erret-ontziola, itsasontzi, gudaontzi, dorre, gaztelu eta abarrekin. Marinelak, itsas-kapitainak, kosmografoak, armadoreak, arotzak. Armadak. Pasaian, esaterako, garai haietako ontzioletan makina bat ontzi eraiki ziren garai haietako armadetarako.
Konplexua ere bai, maiz askotan, aparejuak, belak eta artilleria, ontzi baten ezinbesteko osagaiak zirelako, bereiztezinak. Horra, XVI. mendean Pasaiatik Ternuara joan-etorrian zebiltzan nao-ek ibiltzen zituzten liskar armatuak. Edota, Caracaseko Konpainiak, 1730an, Pasaiatik atera zituen ontziak, denak ere artilleriarekin. Kortsarioak. Indietarako bidean nagusitasuna izateagatik orduko armaden artean gertatzen ziren borroka latzak…
Hori zen Blas de Lezoren mundua. Eta bere aitarena (Pedro Francisco, kapitaina) eta bere aitonarena (Francisco, errege-armadako kapitaina), eta bere birraitonarena (Pedro, kapitaina, Indietara joaten zen galeoi baten jabea), eta bere beste arbaso askorena.
Eta Okendorena, eta Txurruka, Rekalde, Gaztañeta, Urdanibiarena. Eta Pasaian, Arizabalotarrena, Etxeberria almirantearena, Laia, Villaviciosatarrena, Lezoarrena…
Ez da zilegi iragan urrunari egungo pentsamoldearekin begiratzea. Ezin da mundu hura gaur ditugun baloreekin aztertu eta ez epaitu.
Haien armarri eta blasoiak, gure etxeetan daude. Gure etxe eta kaleen historia dira.
Hemen daude eta ez Madrilen. Gure historiaren zati handi bat dira, hemendik kanpo hainbatek Blas de Lezoren figuraz egiten duen erabilera gora-behera.
2012ko martxoaren 6an, arratsaldeko bostetan, San Pedroko itsasontzi batean, Bou Nabarrako marinelei egin zitzaien omenaldian izan nintzen. Eta poztu ere San Pedroko plaza berriari izen hori jarri behar ziotela gerora jakin nuenean.
Batak ez du bestea ukatzen, bi garai direlako, bi mundu.
Bukatzeko bi gauza David Zapirainen idatziaz. Lehenengoa, izen horren edo beste edozeinen egokitasuna eztabaidagarria izan daiteke, jakina, baina Zapirainek ez du inongo eskubiderik, duen titulazioa duela, inor iraintzeko, bere idatzian egin duen bezala.
Bigarrena, frankismoari egozten dio Blas de Lezori egin ohi zaion aitormena. Ez da egia. 1989an, bere sorreraren hirurehungarren urteurrenean, Pasaiako Udalak hainbat ekimen eraman zituen aurrera, eta hainbat ekitaldi antolatu, haren gorazarrez eta bere figura ezagutzera emateko asmoz (ikus bedi orduko kronika). Ezjakintasunak eta fede txarrak eraman al zituzten orduko agintariak halakorik egitera? Eta, egun, Pasaiako Udalak, bere web orrialdean, toki berezia eskaintzen dio Blas de Lezori, udalerriak eman dituen pertsonaia historikoen artean nabarmenduz, itsas-gizon gisa ibilitako balentriak kontatuz eta Pasaiak inoiz izan duen marinel ospetsuentzat azalduz. Hau ere, ezjakintasunaren eta fede txarraren ondorio da, frankistek ezarria?