Lierni Fresneda. Antzerki Zuzendari eta aktorea: «Zoragarria da haurrek zure lana sentitu eta ulertzen dutela ikustea»
«Zoragarria da haurrek zure lana sentitu eta ulertzen dutela ikustea»
Bueltaka, haurrei zuzendutako antzezlan berria estreinatu du Donostiako Patricia Francoren Behibi’s konpainiak. Zuzendari eta gidoilari lanak egin ditu Lierni Fresneda lezoarrak lan horretarako (Pasai San Pedro, 1961). Lezoko Orratx! antzerki taldean ere lanean ari da Fresneda, zuzendari gisa, oholtza gaineko aktore lanak baztertu gabe.
Bueltaka antzezlana estreinatu berri duzue. Zer kontatzen diezu haurrei bertan?
Kontsumismoaren alde dugun eromenarekin, beste kulturei eragiten diegun kaltea landu dugu Behibi’s konpainiaren azken lanean. Petrolioa hartu dugu gai bezala, eta haurrei hura lurretik hartzen dugula kontatzen diegu. Horren ondorioz, Hegoamerika edo Afrikako familia asko beraien lurretatik botatzen dituztela esaten dugu, guk kontsumitzen jarraitzeko behar dugun energia lortzeko. Kontzientziatu nahi ditugu, beraz, kontsumoa ez dela bakarrik behar dugun hori hartu, ordaindu eta kito. Gure jarrera horrek zein eragin dituen hausnartzeko balio du Bueltaka-k.
Zergatik Bueltaka izena?
Orain artean asko kontsumitu dugu gure gizartean, diru asko izan dugulako horretarako, nolabait. Izugarriak ginela pentsatu izan dugu, eta orain zer gertatzen ari da? Buelta etorri dela, eta uste genuen hura guztia behera datorrela. Horregatik izena.
Panpinak dira protagonista zuen lanean.
Gure lan guztietan erabiltzen ditugu panpinak, beti. Aurretik egindako Paperezko istorioak eta Murren bidaiak lanetan ere panpinak ziren protagonista. Bueltaka-n, sei panpin daude guztira. Protagonistaren, Maddiren, hiru panpin daude. Eta horiekin batera, gurasoak, eta lagun bat. Panpinak haurrengan badu indarra, eta haurrak istorioan sartu egiten dira. Panpinek edozer egin dezakete, pertsona batek ezingo luke hegan egin antzerkian behintzat, panpinek bai… Haurrarengan ilusio hori sortzen du panpinak, eta haurrak berarekin batera bidaiatzen du. Panpina mugitzen jakin behar da horretarako, ordea, trebezia handia behar da, bestela umeak ez du istorioa benetakoa bezala ikusiko.
Antzezlanaren hiru emanaldi egin berri dituzue Lezo Herri Eskolan. Zein harrera izan dute?
Haur pila batek ikusi dute eta arrakasta handia izan du. Izugarri gustatu zaie bai ikasleei eta baita irakasleei ere, eta halako gehiago egin beharko liratekeela esan digute, antzerkia haurrei gerturatu, eta modu horretara bestelako gaiak lantzeko. Antzerki gogoz gelditu dira, eta hori garrantzitsua da.
Bestelako lanetan ere ari zara une honetan.
Bai. Orratx! antzerki taldean ari naiz helduen taldean zuzendari eta gidoilari lanak egiten. Une honetan film baten moldaketarekin ari gara. Lehen aldia da halako zerbait egiten dudala, eta buru-belarri nabil, gustura. Ikusiko dugu zer aterako den, baina itxura polita du. Horrez gain aktore lanean ari naiz Chimeres konpainiarekin eta Txomin Hegi aktorearekin batera, beste bi musikariekin. Ikas argitaletxeak otsoei buruz argitaratutako hiru ipuin hartu eta antzerkirako egokitu ditu konpainiak. Haurrei begirako lana da, eta bertan, oholtza gainean, aktore lanean ariko naiz. Egia esan lan oso polita izango da. Bestalde, Antzerki Eskolan klaseak ematen ditut Donostian, ahotsa lantzen dut ikasleekin, eta oso gustura ari naiz horretan ere.
Antzerkiaren mundua haurren zein helduen begiradatik ezagutzen duzu. Alderik bada?
Haurrentzako antzerkia egitea izugarria da, bai aktore gisa eta baita zuzendari bezala ere. Ikuskizuna sentitzen eta ulertzen dutela ikusten dudanean, zure lana iristen dela, alegia, zoragarria da. Hori zuzendari lanari dagokionean. Aktore lanetik, berriz, oholtzatik begi handi horiek zabal-zabalik zuri begira ikustea… beste mundua da, izugarria. Sentitzen duzu hor daudela eta hunkigarria da, osoki hor daudelako zurekin une horretan, eta berezia da. Bizitzan ez dugu horretarako tarte handirik hartzen, zoritxarrez.


