Eskualdean lan egiten duten turismo enpresen “lehiakortasuna hobetzeko” asmoz, Oarsoaldea Garapen Agentziak egitasmo bat jarriko du abian datorren urtean. Agentziak azaldu duenez, zehazki Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKTen) erabilera hobetzeko programa izango da antolatu dutena.

Aiora Perez de San Roman Oiartzungo alkate eta garapen agentziako presidenteak adierazi duenez, egitasmo hori mota guztietako —turismoan lan egiten dutenak, betiere— enpresei zuzenduta dago: ostatuei, museoei, turismo enpresei, jatetxeei edo garraio enpresei. Horien guztien lehiakortasuna hobetzea da helburua. Horrez gain, teknologia berrien munduan sartzeko modua erakutsi nahi diete, “hesiak kenduz”. Horretarako “jardunbide teknologiko egokiak” sustatuko dituzte, eta enpresei hobekuntza prozesuetan lagunduko diete.
Ikastaroak, doan
Oarsoaldea agentziaren Turismo Sailak Basquetour Euskal Turismo Agentziaren diru laguntza baliatu du 2013an egingo duten plana aurrera eramateko. Jaurlaritzaren agentziaren dirua izanik, enpresek ez dute dirurik gastatuko ikastaroa egiteagatik. Programa horretan parte hartzen dutenek garapen agentziako tekniko baten laguntza pertsonalizatua jasoko dute.
Formazio ikastaroan parte hartu nahi duten turismo enpresetako ordezkariek garapen agentziarekin harremanetan jarri beharko dute 943 49 41 29 telefono zenbakira deituz (Eider Calderonengatik galdetu behar da), edo e-postaz komunikatu nahi badute: eider@oarsoaldea.net. Hilaren 17a baino lehenago eman behar da izena.