Larunbatean Artaleku betetzeko arrazoi asko dago
Larunbatean urteko azken partida jokatuko du etxean Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak. Multzoko talde indartsuena izango du bisitari, Bartzelona B, eta katalanen aurka iaz bete ziren bezala, Artalekuko harmailetako eserleku bat bera ere hutsik ez geratzea nahi dute klubetik. Kirol arlotik duen erakargarritasunaz gain, larunbateko lehiak beste osagarri batzuk izango ditu, haien artean Borja Burguete jokalariari egingo dioten omenaldia. Hori eta beste berrikuntzak aurreratu zituzten atzo goizean Artalekun. Iaz bezala, urtea bukatzeko Irungo eskubaloi taldeak elkartasun keinu bat egingo du, eta Caritasekin batera, Kilo operazioa abiatuko dute, Jose Angel Sodupe presidenteak azaldu zuen bezala. “Gauden bezala egonda denek ezin dute modu berean Gabonetaz gozatu, eta horregatik, Bartzelonaren aurkako partidako ikusleei eskatzen diegu galkorrak ez diren elikagaiak ekartzeko, behar dutenen artean banatzeko”. Zerbait eramaten duen bakoitzari zozketa baterako zenbaki bat emango diote eta atsedenaldian Bidasoa taldeko produktuen sorta bat zozkatuko dute. Hori ez da egingo duten zozketa bakarra. Izan ere, Bidasoaren babesle den Oiarzabal Perfumeria dendaren produktuak zozkatuko dituztela gaineratu zuen Sodupek: “Aspaldi esan ziguten asmo hori zutela eta larunbateko partida egokiena da, urteko azkena delako, Gabonak datozelako eta jende asko espero dugulako”. 2012ko azken partidarako antolatuko dituzten ekintzez gain, Bartzelonaren aurkako garaipena eskaini nahi diete zaleei, baina Salva Pombar kirol arloko zuzendaritzako [...]
Larunbatean urteko azken partida jokatuko du etxean Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak. Multzoko talde indartsuena izango du bisitari, Bartzelona B, eta katalanen aurka iaz bete ziren bezala, Artalekuko harmailetako eserleku bat bera ere hutsik ez geratzea nahi dute klubetik. Kirol arlotik duen erakargarritasunaz gain, larunbateko lehiak beste osagarri batzuk izango ditu, haien artean Borja Burguete jokalariari egingo dioten omenaldia. Hori eta beste berrikuntzak aurreratu zituzten atzo goizean Artalekun.
Iaz bezala, urtea bukatzeko Irungo eskubaloi taldeak elkartasun keinu bat egingo du, eta Caritasekin batera, Kilo operazioa abiatuko dute, Jose Angel Sodupe presidenteak azaldu zuen bezala. “Gauden bezala egonda denek ezin dute modu berean Gabonetaz gozatu, eta horregatik, Bartzelonaren aurkako partidako ikusleei eskatzen diegu galkorrak ez diren elikagaiak ekartzeko, behar dutenen artean banatzeko”. Zerbait eramaten duen bakoitzari zozketa baterako zenbaki bat emango diote eta atsedenaldian Bidasoa taldeko produktuen sorta bat zozkatuko dute.
Hori ez da egingo duten zozketa bakarra. Izan ere, Bidasoaren babesle den Oiarzabal Perfumeria dendaren produktuak zozkatuko dituztela gaineratu zuen Sodupek: “Aspaldi esan ziguten asmo hori zutela eta larunbateko partida egokiena da, urteko azkena delako, Gabonak datozelako eta jende asko espero dugulako”.
2012ko azken partidarako antolatuko dituzten ekintzez gain, Bartzelonaren aurkako garaipena eskaini nahi diete zaleei, baina Salva Pombar kirol arloko zuzendaritzako kideak onartu duenez “oso zaila izango da hori”. Iaz ezustekoa eman zuten, eta ordurarte porrotik gabe zegoen liderra gainditu zuen Bidasoak. Aurten errepikatzen saiatuko dira eta “iaz bezala harmailak goraino egoteak” lagunduko du: “Ondo lan egiten ari gara eta fruituak lanak ematen dizkizu. Presiorik gabe jokatuko dugu, ia denek uste dutelako partida hau galduko dugula: presiorik gabe taldeak gauza politak egin ditzake eta ezustekoa eman”.
Abono kanpaina berria
Bidasoa Eskubaloi Taldeak 600 zale inguru ditu eta horiei eskerrak eman zizkien prentsaurrekoan Sodupek, “beraiek gabe ez garelako inor”. Irailean egindako bazkidetza kanpainarekin pozik geratu ziren taldean eta orain, urte bukaerarekin, beste saio bat egingo dute eta denboraldi erdirako abonoak salduko dituzte.
Hala, Artalekun bigarren itzuliaz gozatzeagatik helduek 45 euro ordaindu beharko dituzte eta hortik behera gainontzekoek: haurrek zazpi euro, eta gazte, jubilatu eta pentsiodunek 30 euro; familientzako abono bat ere aterako dute, 70 euroan.
Horrez gain, 50. urteurrenaren harira argitaratutako materiala salgai jarriko dute eta Bidasoa oparitu goiburuko kanpaina martxan jarri dute. Produktu izarra urteurreneko elastikoa izango dela uste dute eta bazkideentzat 25 euroan eta ez direnentzat 30 euroan jarri dute. “Hasieran oso ondo saldu ziren baina gero arazoak izan genituen neurri batzuk falta zirelako. Dagoeneko neurri guztiak ditugu eta Olentzerori eskatzeko opari polita dela uste dugu”, argitu zuen presidenteak. Opari merkeagoak nahi dituztenek boligrafoak, giltzariak eta zigiluak eska ditzakete, klubean edo Gonzalez kirol saltokian.
Omenaldia jasoko du taldea utzi behar izan duen Borja Burguete gazteak
Arrazoi askorengatik berezia izango da larunbateko Artalekuko partida eta horietako bat Borja Burgueteri egingo dioten omenaldia izango da. Kirol jarduera utzi behar izan du azpiko mailetan Espainiako selekzioan aritutako 19 urteko hondarribiarrak, belaunean lau ebakuntza egin eta denboraldiaren hasieran berriro min hartu eta gero. Jose Angel Sodupe presidenteak onartu duenez “erabaki gogorra izan da” jokalari zein taldearentzat: “Bagenuen bere lesioen berri baina etorkizun handiko jokalaria zela uste genuen. Baina kirolak, eta bizitzak, horrelako gauzak ere baditu eta onartu behar dira. Egin dezakegun gauza bakarra klubaren ateak irekita uztea da, gurekin jarraitu dezan, entrenatzeko edo nahi duenerako. Klubeko mutila da, Bidasoa bihotzean daramana, eta laguntzen saiatuko gara”.
Salva Pombar kirol arduradunarentzat hutsune handia utzi du Burguetek: “Etorkizun handiko jokalaria zen eta etxekoa, eta oso zaila da etxean goi mailako jokalariak lortzea. Aurten moldatuko gara, baina gure asmoetan zegoen hurrengo urteetan Borjarekin jarraitzea eta bere hutsunea betetzea oso zaila izango da”.