Gutuna: Oreretako EHEko ateak zabalik dituzte
Gure herriko sei gazte espetxeratzeko arriskuan daudela jakina dugu. 2011an izan ziren epaituak, gazte erakunde independentista bateko kide izateagatik, hain zuzen, epaileak sei urte inguruko kartzela zigorra ezarri dielarik. Honen oihartzuna etengabek...
Gure herriko sei gazte espetxeratzeko arriskuan daudela jakina dugu. 2011an izan ziren epaituak, gazte erakunde independentista bateko kide izateagatik, hain zuzen, epaileak sei urte inguruko kartzela zigorra ezarri dielarik. Honen oihartzuna etengabekoa dela ukaezina den arren, oraindik norbaiten belarri edota begietara iritsi ez bada, guk ere bultzadatxoa emango diogu zabalpen horri.
Oreretako Euskal Herrian Euskaraz eragiletik, eta Eleak mugimenduak martxan jarritako proiektuarekin bat eginda, guk ere gure etxeko ateak guztiz zabalik dauzkagu zuek seientzat. Ideia eta proiektu politikoez gain, eskubide guztiak pertsona eta proiektu guztientzat izan behar direla uste dugun neurrian, zuekin bat egitea ezinbestekoa dela deritzogu, euskarak ere bere eskubideak lortzearren borrokan baitaramatza urteak, eta ez baita elkartasuna baino gauza handiagorik indarrak batu eta etsaiaren aurka egiteko.
EHE sortu zenetik argi izan dugu gure helburua burujabetza dela, Euskal Herri euskalduna eraikitzea. Hizkuntza eskubideak borrokatuz, ez dugula euskararik gabe Euskal Herri bat irudikatuko, ez irudikatu eta are gutxiago onartu. Eta horretarako, euskaldunok osatzen dugun komunitatea eta lurraldea aintzat hartzea ezinbestekoa dugu.
Beraz, gurea den herri honetan normalizazio egoera batean aurkitzen ez garen bitartean, eta guztionak diren eskubide horiek errespetatzen ez diren bitartean, ezin izango dugu gure helburua guztiz bete. EHEko atea ere, zabalik duzue!
Maddalen Arenaza. Oreretako EHEren izenean.

