Golden Apple Quartetek azken lana aurkeztuko du igandean kulturgunean
Golden Apple Quartet taldeak mende laurdena bete du aurten, eta aretoz areto dabiltza horren haritik atera duten azken lana aurkezten. Igande honetan Errenteria-Orereta bisitatuko dute Érase una vez… Los Golden lana aurkezteko. Emanaldia 20:00et...
Golden Apple Quartet taldeak mende laurdena bete du aurten, eta aretoz areto dabiltza horren haritik atera duten azken lana aurkezten. Igande honetan Errenteria-Orereta bisitatuko dute Érase una vez… Los Golden lana aurkezteko. Emanaldia 20:00etan hasiko da Errenteria Hiria Kulturgunean.
Azken lan horretan bere buruaz hitz egingo du Golden Apple Quartetek: “Gizon helduak eta arduratsuak bihurtu aurretik, gure ordura arteko bizipenak kontatzea erabaki genuen”.
Emankizuna istorio bat balitz bezala kontatuko du off-ean dagoen ahots batek, eta urtez urte eta agertokiz agertoki bizitako uneak gogoraraziko ditu. Ikusleek, horrenbestez, Golden Apple Quarteten saiorik ezagunenak ikusteko aukera izango dute. Taldetik esan dutenez, ekitaldian “gidoi batek ongi lotuta dituen sketch-ak” antzeztuko dituzte, “kulturgune guztia jai bihurtuz”.
Sarrerak 12 euroan daude salgai, eta dagoeneko eros daitezke Errenteria Hiria Kulturguneko leihatilan. Udalak jakinarazi duenez, bihar itxita egongo da kulturgunea, jaieguna delako. Gaur, 11:00etatik 13:00etara egongo da zabalik, eta etzi, berriz, 18:00etatik 20:00etara.