Garai berrietara egokitzeko urratsa egingo du OARSO BIDASOKO HITZA-k
Internet euskarazko hedabidearen komunikazio aukeraren ardatza izango da urtarriletik aurrera
Garai berrietara egokitzeko urratsa egingo du OARSO BIDASOKO HITZA-k urtarriletik aurrera. Hitza-ren ardatza Internet eta teknologia berriak izango dira, eta horrez gain, ostiraletan 32 orriko egunkaria jasoko dute harpidedunek bere postontzian.
Izan ere, egitasmoa bideragarri egiteko bidean, zenbait erabaki hartu behar izan ditu OARSO BIDASOKO HITZA-k. Hala, papereko egunkaria astean lautan ateratzetik, astekarira pasatuko da Hitza: ostiraletan Oarsoaldeko eta Bidasoko informazioarekin, sakon landuta, 16 orriko astekaria banatuko zaie harpidedunei. Horrez gain, Gipuzkoako Hitza ere jasoko dute urteko kuota ordaintzen dutenek; herrialdeko Hitzan ere Oarsoaldearekin eta Bidasoarekin lotura duten gaiak publikatzen dira astero-astero. BOGA astekaria desagertuko da.
Internet izango da euskarazko hedabidearen ardatza urtarriletik aurrera. Izan ere, orain arte oarsobidasoa.hitza.info webguneak nahiz bi eskualdeetako herri bakoitzeko atariek ematen zuten informazioa, askoz ere osoagoa izango da urtarriletik aurrera, eta horretarako teknologia berriek eskaintzen dituzten hainbat baliabide erabiliko dira: bideo gehiago, irudien tratamendu berezia, Oarsoaldean eta Bidasoan gertatzen direnen gaineko erreportaje bereziak, irudi eta ahots bidezko eguneroko albistegia… Gainera, sare sozialen bitartez euskararen normalizaziorako tresna den egitasmoa askoz gehiago zabalduko da, are eta irakurle gehiagorengana iristeko asmoz.
Egitasmoa sendotu
Krisi egoera orokorrak, eta zehazki paperezko prentsaren krisiak eragina izan du OARSO BIDASOKO HITZA-n. Hori horrela, 2013rako helburu bezala euskarazko informazioaren ekoizpenarekin jarraitzea, baina era bideragarrian jarri du Hitza editatzen duen Oiartzualdeko Hedabideak SLk.
Neurri horiek, baina, ez dute zentzurik izango egitasmoa herritarrek babesten ez badute, hau da, egitasmoa herriz herri sendotzen ez bada, batez ere autofinantzazioa indartuz; hots, harpidedun gehiago lortuz. Hala, 2013rako asmoen berri emateko, eta egitasmoa nola indartu daitekeen hausnatzeko, herriz herri batzar irekiak egingo dira harpidedunekin era eragileekin. Beheko koadroan daude hitzorduak.