%17,2ra igo da Irungo langabezia tasa azaroaren bukaeran
Langabeziak goranzko joeran segitzen du: %1,5 hazi da irailetik azaroaren bukaerara Irunen. Denera, %17,2koa da langabezia tasa, Bidasoa Bizirik-ek atzo plazaratutako datuen arabera. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia tasa baino altuago...
Langabeziak goranzko joeran segitzen du: %1,5 hazi da irailetik azaroaren bukaerara Irunen. Denera, %17,2koa da langabezia tasa, Bidasoa Bizirik-ek atzo plazaratutako datuen arabera. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) langabezia tasa baino altuagoa da Irungoa; izan ere, Lanbideren azken datuek diotenez, %15,8an dago langabezia EAEn, azaroan.
Irungo datuetara itzuliz, 25 urtetik beherakoak eta 45 urtetik gorakoak izan dira kaltetuenak. Lehenengo multzoari dagokionez, gizonak emakumeak baino kaltetuagoak izan dira, eta bigarrenean aldiz, alderantziz gertatu da.
Horiek horrela, 2011ko azaroko datuak kontuan hartuz gero, %12,2 gora egin du langabeziak. Hala, iazko datuak baliatuz gero, zerbitzuen sektoreko langabetuen kopurua hazi da gehien, %15,5eko gorakadarekin.
EB-Berdeak, ‘haserre’
EB-Berdeak udal taldearen bozeramaile Manuel Millanek azaroko langabezia datuekin “haserrea” adierazi zuen atzo. “Orain arte ekonomia kudeatu dutenak” egoeraren errudun direla eta udalek hartutako neurriak “ezer gutxirako” balio dutela salatu zuen.