Termikoak ikatza erretzeari utziko dio, Ministerioak baimena eman ondoren
Donibanen Iberdrolak duen zentral termikoak azken hatsak botako ditu datozen egunotan. Enpresak Espainiako Industria Ministerioaren baimena lortu du Pasaiako planta behin betiko ixteko. Horrela, azpiegituraren desegitea hasiko da martxan. Gaur bertan, Iberdrolako arduradunek eta Pasaiako Udalak bilera egingo dute, prozesu hori aurrera eramateko behar diren lizentziei eta baimenez hitz egiteko asmoz. Horrela jakinarazi zuen Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak herenegun iluntzean egin zen udalbatzarrean. Epea zehaztuta ez badago ere, bi urte iraun dezakete desegituratze lan horiek. Hori bai, bi urte horietan aire garbiagoa arnastuko da Pasaiako badiaren inguruan. Hala ere, egun hauetan ohi baino askoz ere ke beltzagoa ateratzen ari da. Izan ere, Agirregabiriak azaldu zuenez, biltegiratuta duten ikatza erretzen ari dira. “Bertan erretzea garraiatzea baino askoz merkeagoa dela adierazi digute”, zehaztu du alkateak. Enpresak ziurtatu du baimena dutela stockean duten ikatza erretzeko, eta bukatu arte, horretan jarraituko dutela. Termikan lan egiten duten 67 langileei buruzko kezka azaldu zien alkateak multinazionaleko arduradunei. Gipuzkoako zein Bizkaiko hainbat lantegietara mugiaraziko dituztela erantzun zieten enpresako kideek. Ekainean, baimena Espainiako Industria Ministerioak hilaren 21ean jakinarazi zion Iberdrolari behin betiko itxi dezakeela Donibaneko planta. Horretarako baimena pasa den ekainean eskatu zuen konpainiak. Erabakia hainbat hilabetez luzatuko zela iragarri zuten. Izan ere, ministerioak Red Electrica Españolari [...]
Donibanen Iberdrolak duen zentral termikoak azken hatsak botako ditu datozen egunotan. Enpresak Espainiako Industria Ministerioaren baimena lortu du Pasaiako planta behin betiko ixteko.
Horrela, azpiegituraren desegitea hasiko da martxan. Gaur bertan, Iberdrolako arduradunek eta Pasaiako Udalak bilera egingo dute, prozesu hori aurrera eramateko behar diren lizentziei eta baimenez hitz egiteko asmoz. Horrela jakinarazi zuen Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak herenegun iluntzean egin zen udalbatzarrean. Epea zehaztuta ez badago ere, bi urte iraun dezakete desegituratze lan horiek.
Hori bai, bi urte horietan aire garbiagoa arnastuko da Pasaiako badiaren inguruan. Hala ere, egun hauetan ohi baino askoz ere ke beltzagoa ateratzen ari da. Izan ere, Agirregabiriak azaldu zuenez, biltegiratuta duten ikatza erretzen ari dira. “Bertan erretzea garraiatzea baino askoz merkeagoa dela adierazi digute”, zehaztu du alkateak. Enpresak ziurtatu du baimena dutela stockean duten ikatza erretzeko, eta bukatu arte, horretan jarraituko dutela.
Termikan lan egiten duten 67 langileei buruzko kezka azaldu zien alkateak multinazionaleko arduradunei. Gipuzkoako zein Bizkaiko hainbat lantegietara mugiaraziko dituztela erantzun zieten enpresako kideek.
Ekainean, baimena
Espainiako Industria Ministerioak hilaren 21ean jakinarazi zion Iberdrolari behin betiko itxi dezakeela Donibaneko planta. Horretarako baimena pasa den ekainean eskatu zuen konpainiak.
Erabakia hainbat hilabetez luzatuko zela iragarri zuten. Izan ere, ministerioak Red Electrica Españolari igorri zion termikoa ixteko eskakizuna. Eurak dira elektrizitate sarearen arduradunak, eta balizko itxierak zenbateko eragina izango zuen aztertu dute, txosten bat osatuz. Azterketa horretan oinarrituta hartu du erabakia Ministerioak.
Bi arrazoirengatik egin zuen eskaera Iberdrolak. Alde batetik, “energia eskaeraren jaitsieragatik, inguruko industriaren eskakizunak beherakada baitu”. Bestalde, “ingurumen arazoak” sortzen dituela-eta itxi nahi dute zentrala. 1968an eraiki zuten, eta “zaharkitua” gelditu dela esan dute.
Iberdrolak zentral termikoa desegituratuta, orubearekin zer gertatuko den ikusteke dago. Portuak kontzesioan emana dio Iberdrolari, 2022 urtera arte. Portu Agintaritzaren arabera, Iberdrolak “hartu zuen bezala” utzi behar du eremua, alegia, “kutsadurarik gabe”.
Termikoak okupatzen duen azalera libre uzteak, portuaren egituraketa berria ekar dezake. Ekainean, Iberdrolak behin betiko baimena eskatu zuela jakitean, txatarra deskargatzeko erabil daitekeela esan zuen Lucio Hernando Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak. Hala ere, ikuskizun dago dena.
Eguzki: “Albiste ona”
Eguzki talde ekologistarentzat albiste “ona” da termikoaren itxiera. Izan ere, Gipuzkoan gehien kutsatzen duen eta berotegi efektu gehien sortzen duen gasen sortzaile handiena dela nabarmendu dute, baita osasunean eta bizi kalitatean eragin dituen kalteak ere.
Hala ere, energiaren autohornikuntzan galera dagoela egia ez dela esan dute. “Euskal Herrian dauden gainontzeko zentralek, Pasaiakoak bezala, beste herrialdeetatik datorren lehengaiarekin funtzionatzen dute”, gaineratu dute, eta zentral horiek Pasaiakoaren hutsunea bete dezaketela.
Portuarentzat hiru hektarea gehiago egongo direla gogorarazi dute. “Espero dugu ingurumenarekiko errespetu handiagoa duten jarduerak abian jartzea, eta badia biziberritzea”, adierazi dute. Kanpo kaiaren “lobbyari kolpe handia” dela iritzi dute.
Langileei emandako irtenbidearekin ere pozik daude, eta besteekin hori egiteko ere eskatu dute.