Montse Garmendia: “Dudarik gabe indar gehiago egingo dugu bidean elkarrekin joaten bagara”
Igandean Irungo San Juan plaza eta Hondarribiko San Pedro kalea elkartuko ditu Txingudi Anti Sexistak (TAS) antolatutako sexismoaren kontrako martxak. Hondarribiko Emeki emakume elkartea bertan izango da, eta hainbat ekimen antolatu ditu martxa San Pedro kalera iritsi eta gerorako. Azken asteetan Hiri Debekatuaren Mapa osatu du Emekik, emakumeentzako seguruak ez diren herriko guneak zehazteko. Egindakoaz gustura dago Montse Garmendia Emekiko kidea. Hiri Debekatuaren Mapa egin duzue. Zer moduz aritu zarete? Oso positiboa izan da. Agian ez da jende gehiegi etorri, baina gero honakoa gertatu zaigu, puntu ilunetako bizilagunak etortzen zitzaizkigula esatera arrazoia genuela, horiek puntu ilunak bezala sentitzen zituztela; kasu batzuetan esan izan digute zenbait neurri hartu izan dituztela. Egindako lanaren erakusketa irekiko duzue etzitik aurrera Movellan arte galerian. Zer ikusiko du bertaratzen denak? Hondarribia emakumearen begiradapean goiburua jarri diogu erakusketari, eta horixe da erakutsiko duguna: Hondarribiko mapa eta bertan puntu ilunak zehazten dituzten kartelak, argazkiekin, eta ikus-entzunezko batean leku horiek egunez eta gauez zein desberdin ikusten diren erakutsiko dugu. Aurten hamasei izan dira tratu txarrengatik Hondarribian izandako salaketak, baina askoz gehiago direla esaten duzue. Badakigu Hondarribian ez dela erraza salaketa jartzea, herri txikia delako eta denak elkar ezagutzen dugulako. Gainera, emakume askok independentzia ekonomikorik ez izateak ez du laguntzen, [...]
Igandean Irungo San Juan plaza eta Hondarribiko San Pedro kalea elkartuko ditu Txingudi Anti Sexistak (TAS) antolatutako sexismoaren kontrako martxak. Hondarribiko Emeki emakume elkartea bertan izango da, eta hainbat ekimen antolatu ditu martxa San Pedro kalera iritsi eta gerorako.
Azken asteetan Hiri Debekatuaren Mapa osatu du Emekik, emakumeentzako seguruak ez diren herriko guneak zehazteko. Egindakoaz gustura dago Montse Garmendia Emekiko kidea.
Hiri Debekatuaren Mapa egin duzue. Zer moduz aritu zarete?
Oso positiboa izan da. Agian ez da jende gehiegi etorri, baina gero honakoa gertatu zaigu, puntu ilunetako bizilagunak etortzen zitzaizkigula esatera arrazoia genuela, horiek puntu ilunak bezala sentitzen zituztela; kasu batzuetan esan izan digute zenbait neurri hartu izan dituztela.
Egindako lanaren erakusketa irekiko duzue etzitik aurrera Movellan arte galerian. Zer ikusiko du bertaratzen denak?
Hondarribia emakumearen begiradapean goiburua jarri diogu erakusketari, eta horixe da erakutsiko duguna: Hondarribiko mapa eta bertan puntu ilunak zehazten dituzten kartelak, argazkiekin, eta ikus-entzunezko batean leku horiek egunez eta gauez zein desberdin ikusten diren erakutsiko dugu.
Aurten hamasei izan dira tratu txarrengatik Hondarribian izandako salaketak, baina askoz gehiago direla esaten duzue.
Badakigu Hondarribian ez dela erraza salaketa jartzea, herri txikia delako eta denak elkar ezagutzen dugulako. Gainera, emakume askok independentzia ekonomikorik ez izateak ez du laguntzen, bestela errazagoa litzateke etxetik joatea. Umeak tarteko daude askotan… Horregatik, laguntza gehiago behar da, udalak eta beste erakundeek tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei laguntza handiagoa eman behar diete.
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna da igandekoa…
Egun horretan ez dugu ezer ospatzeko, baina bai mentalizatzeko, hausnarketarako eguna izatea nahiko genuke. Askotan gure ondoan gertatzen dena besterik ez dugu ikusten, baina guk ikusi ala ez, arazoak dituzten emakumeak existitzen dira. Horretan pentsatzeko eguna da igandekoa.
Irundik Hondarribira martxa antolatu du zuek partaide zareten TAS plataformak. Zein garrantzia du beste elkarte batzuekin batera aritzeak?
Behintzat gure lana ikusteko, gu kontuan izateko balio duela uste dut. Jendeak esango du ‘hauek TASen badaude, zerbaitengatik izango da, benetako arrazoiren bat izango da horretarako’. Dudarik gabe indar gehiago dugu elkarrekin bagaude.
Zer esango zenieke hondarribiarrei igandeko ekitaldietara joateko?
Bortizkeriaren kontrako aldarrikapena zabaltzeko garrantzitsua dela ahalik eta jende gehien biltzea. Agian beraiek ez diote garrantzirik ematen, baina gurekin bi munutu egoten badira, hori guretzat oso inportantea da.
Eta udalari, zer eskatuko zenioke?
Onartutakoa aurrera eramateko. Iaz aldarrikapen bat sinatu zuten gurekin baina ez dute bete. Lan egin dezatela eskatzen diet. Badirudi Hondarribian ez dagoela arazorik, ez drogarik, ez alkoholismorik, ezta emakumeen kontrako indarkeriarik. Arazoak daude, eta ezin dira ezkutatu.


