Etziko Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, mobilizatzeko deia egin dute Oarsoaldeko herrietan
Eskualde mailako elkarretaratzea eta ekitaldia izango dira, 12:30ean, Errenterian
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da etzi, azaroaren 25a. Oarsoaldean, Errenteria-Oreretan deitu dute eskualde mailako mobilizazioa. Herri bakoitzean, hain zuzen ere, deialdi horrekin bat egin dute emakume taldeek. Guztiak bat datoz «autodefentsa eta salaketaren garaia» dela esatearekin, eta emakumeei mugitzeko deia egin diete.
Oarsoaldeko Mugimendu Feministak hainbat arrazoi eman ditu mobilizatzeko eta kalera ateratzeko. Gogorarazi duenez, emakumeek «bortxatuak, gutxietsiak, baztertuak eta erahilak» izaten jarraitzen dute, «indarkeria gure bizitzako eremu guztietan bizi dugulako».
Datuak eman dituzte mugimenduko kideek egoeraren berri emateko: Euskal Herrian bost emakume hil dituzte aurten, eta mundu mailan, 15-44 urte bitarteko emakumeen heriotza arrazoi nagusia da indarkeria matxista; minbiziaren edo trafiko istripuen aurretik, hiru emakumetatik bat erasotua izaten baita.
Hala ere, gertakari horiek guztiek emakume guztiengan eragina dutela salatu dute: «Emakume guztiak gara erasotuak azken finean, erasoek segurtasun eza, ezinegona eta beldurra areagotzen baitituzte gainontzekoengan».
Egoerak, hobera egin beharrean, okerrera egin duela kritikatu dute. «Erasotzaileak gero eta gazteagoak dira, eta gure auzoetan, herrietan eta hiriburuetan bortxaketa eta hilketa kasuek goranzko joera dute», gogorarazi dute.
«Sistema matxista»
Hala, «sistema matxistarekin amaitu ezean, bere indarkeriarekin» ez dela inoiz bukatuko argi dute. Gaur egun horren kontra borrokatzeko neurriek ezer gutxi lortzen dutela ere salatu dute, «ez baitute indarkeria sexistaren muinean eragiten».
Krisi egoera orokorraren ondorioz, emakumeek bizi behar dutena are larriagoa dela uste dute , eta hori «indarkeria ekonomikotzat» dute. Horixe da emakumeen bigarren gaitzik larriena, Oarsoaldeko Mugimendu Feministak salatu duenez. «Indarkeria ekonomikoa eta indarkeria matxista dira emakumea alde egin behar izatera bultzatzen duten arrazoi nagusiak», diote.
Horregatik, «orain are gehiago», autodefentsa eta salaketa beharrezkoa direla aldarrikatu dute: «Emakumeok, gure bizitzaren jabegoa duintasunez berreskuratzeko beharra dugu. Erasoen aurkako sareak sortu, gure burua kemenez hornitu eta ‘Aski da!’ argi eta ozen esateko ordua da, besteek guregatik egingo dutenaren zain egon gabe».
Horregatik, elkarretaratze isila eta ekitaldia antolatu dituzte etzirako. 12:30etik aurrera izango dira, Herriko Enparantzan. Lehenago, 12:15ean, Pasaiatik, Lezotik eta Oiartzundik iritsiko diren zutabeak hartuko dituzte Alabergako Arditurri plazan, Renfeko geltokian eta Matxainen.
Herrietatik Errenteriara
Eskualde mailako ekitaldi garrantzitsuena Errenteria-Oreretan izango denez, gainontzeko herrietatik bertara hurbiltzeko hitzorduak jarri dituzte.
Lezoko Gaxuxa taldeak, udaletik helarazitako idatziarekin bat egin du etziko egunaren harira. Bestalde, plazan elkartuta, Errenteria-Oreretara hurbilduko dira lezoarrak ere.
Pasaian, Errenteria-Oreretako elkarretaratzera joateko ibilaldiak antolatu dituzte barruti guztietan.
Oiartzunen, film bat ikusiko dute gaur emakume taldeek antolatuta. Etzi, elkarretaratzea egingo dute plazan, eta gero Errenteria-Oreretara abiatuko dira.
Aurten bost emakume hil dituzte Euskal Herrian. Hiru emakumetik bat erasotua izaten da.
Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguneko ekitaldiak
Pasaia
- Bihar. Eta Karmele? antzezlana, Antxoko Kultur Etxean, 19:00etan.
- Etzi. Errenteria-Oreretako elkarretaratzera joateko, ibilaldiak antolatu dituzte barruti bakoitzean.
Donibane: Oinez joateko, 11:30ean, Bizkaia plazan. Autobusez joateko, 12:00etan, Meipiko autobus geltokian.
San Pedro: Pilotalekutik, 11:00etan.
Trintxerpe: Gudarien plazatik, 11:15ean.
Antxo: Gure Zumarditik, 11:45ean.
- Abenduaren 1ean. Autodefentsa tailerra, Antxoko Kultur Etxean.
Oiartzun
- Gaur. Celos filma (Vicente Aranda) emango dute, 17:00etan, Manuel Lekuona Bibliotekan.
- Etzi. Elkarretaratzea Doneztebe plazan, 11:00etan. 11:15ean martxa abiatuko da Errenteria-Oreretara, eskualdeko beste taldeekin elkartzeko.
- Erakusketa. Etzitik hilaren 30era arte, herriko ikastetxeetako DBHko ikasleek gaiaren gainean egindako lanak, udaletxeko areto nagusian.
Lezo
- Etzi. 12:00etan jarri dute hitzordua herriko plazan, Errenteria-Oreretako elkarretaratzera joateko.
Errenteria-Orereta
- Etzi. 12:30ean eskualde mailako elkarretaratzea, Gamon Zumardian. Elkarretaratze isila eta ekitaldia. Elkarretaratzera joateko hiru puntu finkatu dituzte, Lezotik, Pasaiatik eta Oiartzundik iritsiko diren zutabeekin bat egiteko: 12:15ean, Alabergako Arditurri plazan, Renfeko geltokian eta Matxaingo biribilgunean.
- Puntu lilak. Udaletxeko balkoian eta Galtzarabordako igerilekuetan jarriko dituzte puntu lilak, baita herri barruan zerbitzua ematen duten autobusetan ere.
- Erakusketak. Atzotik hilaren 30era bitartean, herriko ikastetxeetako (Cristobal Gamon, Langaitz, Telleri Alde, Koldo Mitxelena eta Beraun Berri) ikasleek gaiari lotuta egindako lanen erakusketak jarrita daude Niessen merkatalgunean eta Merkatuzarren. Merkatuzarren, horrez gain, 2011. urtean Beldur Barik lehiaketan parte hartu zuten lanak ikus daitezke.