Gazteek «gola» sartuko diote Konstituzioari
Kataxulo Gaztetxiak hamasei orduko futbito txapelketa antolatu du abenduaren 6rako, Elorsoro kiroldegian Abenduaren 6a Espainiako Konstituzioaren eguna da. Jaiegun hori «inposatua» dela gogorarazteko eta salatzeko, Konstituzioaren Aurkako Futbito Txa...
Kataxulo Gaztetxiak hamasei orduko futbito txapelketa antolatu du abenduaren 6rako, Elorsoro kiroldegian
Abenduaren 6a Espainiako Konstituzioaren eguna da. Jaiegun hori «inposatua» dela gogorarazteko eta salatzeko, Konstituzioaren Aurkako Futbito Txapelketa antolatu du Kataxulo Gaztetxiak, Sartu gola Konstituzioari! lelopean. Egun horretakoa hamasei orduko lehia izango da, Elorsoro kiroldegian.
Parte hartzeko interesa dutenek, hilaren 30era arte dute izena emateko aukera Garmendi txokolategian, eta Makutxo, Sorgin, Miren, Tolaita, Irubide eta Ganbara tabernetan. Azaroaren 30ean 19:00etan itxiko dute epea.
Parte hartzeko baldintzei dagokienez, antolatzaileek zehaztu dutenez, taldeak bederatzi lagunekoak izango dira gehienez, eta 40 euro ordainduko ditu talde bakoitzak parte hartzeko.
Abenduaren 3an (astelehena) partidak zehaztuko dituzte, zozketa bidez. 18:00etan jarri dute hitzordua, Girizia elkartean.
Sariak
«Konstituzioaren aurkako» lagunarteko lehia izango da abenduaren 6koa. Hala ere, sariak ere izango dira lehenengo postuak irabazten dituztenentzat.
Lehen postuan geratzen direnek, kopa, afaria, eta sagardoa jasoko dituzte; bigarrenek, kopa eta afaria; hirugarrenek, kopa eta sagardoa; eta laugarren izango direnek, kopa.

