Atez atekoa, auzoz auzo
Atez atekoa, auzoz auzo
Astebete bete du gaur hondakinen bilketa sistema aldaketaren harira udalak abiatu duen parte hartze prozesuak. Informazioa emateaz gain herritarren ekarpenak jaso nahi ditu.
Udalak hondakinen bilketa sistema aldaketaren gainean zabaldu duen parte hartze prozesuak astebete beteko du gaur. Lehenengo bilera sorta datorren astean bukatuko dute, eta atez ateko bilketaren gaineko informazioa zabaldu, zalantzak argitu eta ekarpenak jasotzea du helburu, eta «neurri batean», formazioa lantzea. Dagoeneko bost bilera burutu dituzte, Kaxkoa-Ijurkoko auzotarrekin, udal langileekin, merkatariekin, taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoetako ordezkariekin, eta Altamirako auzotarrekin.
Herenegun arratsaldean egin zuten azken saio hori Altzate auzo elkartearen egoitzan, 40 bat bizilagunekin. Ainhoa Zabalo alkatea edozein lezoarren zabor poltsaren egungo osaketaz aritu zen lehenik: “Gutako edonoren zabor poltsan, organikoek %45a hartzen dute; ontzi arinek %20a; papera eta kartoiak %15a; errefuxak %10a; eta bestelakoek, pardela, konpresa eta tanpoiak sartzen dira bertan, %5a”. Gaur egun papera, beira eta ontziak birziklatzeko aukera dugula, baina ez organikoa, azaldu zuen Zabalok, “organikoa zabor poltsaren osagairik nagusiena da, eta gure etxeetan ohitura aldaketa txikia eginda, %80a birziklatzera irits gaitezke”.
Prozesu lineala erabiltzen dela zehaztu zuen ondoren, eta biribila egin behar dela gaineratu, “ekoiztu, erosi, kontsumitu eta bota egiten dugu, eta irizpidea murriztu, berrerabili, birziklatu eta konpontzea da, gure ingurumenak ezingo duelako epe laburrean egungo eredua jasaterik izango”.
Atez atekoaren alde teknikoa
Leire Beteta Ingurumen teknikariak atez ateko bilketaren alde teknikoa azaldu zuen ondoren. Gaur egun hondakinen lau frakzio jasotzen direla zehaztuta, atez atekoarekin bost jasoko direla azaldu zuen, “horrela lehengaiak hobeto bereizi eta etekin handiagoa ateratzerik izango dugu”.
Bost frakzio horiek organikoa, papera eta kartoia, ontzi arinak, beira, eta errefusa dira. Bilketa sistema berriarekin, egunero frakzio bat atera ahal izango da, ordutegi jakin batean. Horretarako udalak hainbat baliabide jarriko ditu herritarren esku. Organikoa biltzeko, hala nola, bi kubo marroi banatuko dituzte etxe bakoitzeko. Papera eta kartoia biltzeko, berriz, bi aukera izango direla adierazi zuen Betetak: “Poltsa batean biltzeko aukera izango dute herritarrek, edo horrela adosten duten komunitateetan edukiontzia jarri daiteke atarian, egunerokoa bertan biltzen joateko eta frakzio horri dagokion egunean ateratzeko”. Ontzi arinak biltzeko beste poltsa bat banatuko die udalak lezoarrei.
Beirari dagokionez, orain arteko bilketa sistemarekin jarraituko du udalak. Hau da, beiraren edukiontzia egunero erabili ahal izango da. Errefusa edo birzikla ezin daitekeen frakzioa poltsa biodegradagarritan ateratzea aholkatu zuen Betetak. Horretarako, familia bakoitzari urte osorako poltsak banatuko dizkio udalak. Pixoihal, konpresa eta tanpoien kasuan, herritarrek horiek egunero ateratzeko aukera izango dutela gaineratu zuen Betetak. Atez ateko bilketa sistema berriarekin ekarpen eta larrialdi guneak ere izango direla zehaztu zuen, bestalde. Ekarpen eremua merkatariei zuzendutakoa da, eta larrialdi eremua, herritarrentzat da.
Larrialdi eremuetan frakzio guztiak biltzeko edukiontziak izango dira, eta herritarrek “ezohiko” egoeretan erabiltzerik izango dituzte Betetaren hitzetan: “Oporretara dihoalako edo bazkari berezia egin duelako frakzio guztiak egun berean atera behar baditu familia batek, udalari baimena eskatu eta bertara eramatea izango du». Halako hiru gune sortzea aurreikusi du udalak, “Lopene sarreran kokatuko dugu bat, Sorgin tabernaren parean bigarrena, eta Txingurri aurrean azkena”.
Autokonpostajeari buruz ere mintzatu zen teknikaria. Azken hori landa eremuan egitea planteatzen bada ere, “lorategia duten hiri eremuko etxaldeetan» egiterik izango dela azaldu zuen Betetak. Autokonpostajea egiten dutenentzat, gainera, %40ko hobaria aurreikusi du udalak.
Erabaki beharrekoak
Hondakinen bilketarako sistema berriak ohitura aldaketa dakarrela eta, informazioa emateari garrantzitsua iritzi zion Betetak. Horren harira, Kultura aretoan herritarren zerbitzura informazio bulegoa izango dela azaldu zuen.
Mikel Arrutik eta Ainhoa Intxaurrandieta zinegotziek lezoarren birziklatze tasaren gaineko datuak eman zituzten ondoren. Lezoar bakoitzak urtean 16 kilo ontzi arin birziklatzen dituela azaldu zuen Intxaurrandietak, “atez ateko sistemaren bidez, lagun bakarrak urtean 32 kilo birziklatzen dituen bitartean. Paperari dagokionez, hamarretik zortzi birziklatzen ditu lezoar bakoitzak batezbeste”.
Horiek azalduta, atez ateko sistemaren araberako bilketaren erakustaldi praktikoa egin zuten bi zinegotziek.
Informazioa zabaldu eta ekarpenak jasotzeaz gain, parte hartze prozesuaren bidez, hondakinen bilketarako sistema berriaren gaineko erabakiak hartu beharko dituzte herritarrek. Besteak beste, bilketaren ordutegia adostu beharko dute, frakzio bakoitza zein astegunetan bilduko den, eta zazpigarren egunean zein frakzio bilduko den.
Izan ere, organikoa bi egunetan, ontzi arinak ere bi egunetan, papera eta kartoia batean eta errefusa batean bilduko dituztela jakinarazi dute udal ordezkariek. Libre gelditzen den egunean zein frakzioa jasotzea nahi duten adostu beharko dute, beraz, herritarrek. Horiek guztiak parte hartze prozesuaren barruan antolatutako bigarren saio sortan landuko dituztela azaldu zuen Aztiker enpresako teknikariak.
Iritziak
Azalpenak eta erakustaldia amaituta, auzotarren txanda heldu zen. Lasai joan zen bilera, orokorrean, une batzuetan tentsioa izan bazen ere auzotarren baten jarrera medio. Askotarikoak izan ziren bertan azaldutako galderak eta kezkak, eta ekarpenik egin zuenik ere izan zen.
Altamiran 200 familia bizi direla, 600 bat lagun guztira eta %90a atez atekoaren alde ez dagoela esan zuen hitza hartu zuen lehenengo auzotarrak. Parte hartze prozesua atez ate egin beharko litzatekeela ondorioztatu zuen.
Zintzilikailuen estetikaren gaineko kezka, sistema berriarekin zabor tasa igoko den beldurra, frakzioak gaizki banatzearen gaineko zalantzak… agerian utzi zituzten auzotarrek, eta banan bana erantzun zituzten zalantza horiek guztiak udal ordezkariek.
Lezo Garbia plataformako Patxi Sarasola ere izan zen bileran, eta atez ateko sistemaren kontra eta birziklatzearen alde daudela esanda, bilketa sistema berriaren kontra bildutako sinadurei “jaramonik” egin ez izana leporatu zion udalari. Horren harira, Errenteriako Udalak martxan jarri duen Ingurumen Batzordearen antzeko ingurumen mahaia eratzeko eskatu zuen.
Bestelako gogoeta egin zuen auzotar gazte batek. “Birziklatzea boluntarioa dela da arazoa”, esan zuen, eta bi galdera egin zizkion Lezo Garbiako kideari ondoren: “Bosgarren edukiontziarekin jendea birziklatzera derrigortuko zenukete? Eta zer gertatuko da birziklatu ezin daitekeenarekin?”. Beste auzotar batek atez atekoari aukera emateko eskatu zuen, eta balorazioak ondoren egiteko proposatu. Ekarpenen harira, berriz, larrialdi eremuetako bat Altamira auzoan kokatzea eskatu zion udalari beste auzotar batek.
%80 birziklatzen duen beste edozein sistema aztertzeko prest daudela erantzun zion Zabalo alkateak Sarasolari, “baina ez dugu beste proposamenik jaso”. Lezon birziklatze tasa %28ra ez dela iristen nabarmendu zuen alkateak, eta horren aurrean, %80 birziklatu nahi dutela gaineratu zuen. Bukatzeko, parte hartze prozesuak inbertsioa eskatu duela aitortuta, horretan jarraituko dutela esan zuen Zabalok, “etorkizuna dagoelako jokoan, ez bakarrik gurea, baita gure seme-alabena eta bilobena ere. Gastatutako azken zentimoak ere merezi izango du”.
Parte hartze prozesuaren harira antolako hurrengo bilerak:
- Jubilatuak. Gaur Aiton Bordan 15:00etan.
- Landa Eremua – Gaintxurizketa. Hilaren 19an astelehena, Irurtzun jatetxean 18:30ean.
- Kaxkoa-Alde Zaharra. Hilaren 20 an, asteartea,Kultura Aretoan 18:30ean.
- San Pedro-Lopene. Hilaren 21a, asteazkena, Musika Eskolan18:30ean.
- Jauregialde-Gillermo Lazon. Hilaren 22an, osteguna, Gezala Auditoriumean 18:30ean.