Mendiolako bizilagunak etxera itzultzeko lana atzeratu da, eguraldiagatik
Bi aste pasatu dira Arrandegi kaleko hogei bizilagun etxetik atera behar izan zituztela, luizi bat dela eta. Horren harira, Pasaiako Udalak Mendiola mendi hegaleko egoera zein den jakinarazi du. Horrela, bertako auzokideak etxera bueltatzeko momentua a...
Bi aste pasatu dira Arrandegi kaleko hogei bizilagun etxetik atera behar izan zituztela, luizi bat dela eta. Horren harira, Pasaiako Udalak Mendiola mendi hegaleko egoera zein den jakinarazi du. Horrela, bertako auzokideak etxera bueltatzeko momentua atzeratzen ari dela jakinarazi dute. Izan ere, egun hauetan eguraldi txarra egiten ari dela eta, irristagarritasun arazoak daude luizia gertatu zen eremuaren inguruan. Hondakinak kentzeko eta mendi hegala egonkortzeko lanak moteltzen ari dira, “aurreikusitakoa baino gehiago”, udalak zehaztu duenez.
Donostiako Alkatetza eta Gizarte Ekintza Saileko arduradunak eskertu ditu aldi berean udalak. Adierazi duenez, luiziak eragindako familia batzuk hiriburuko udalaren larrialdietarako etxebizitzetan daude ostatu hartuta.
Pasaiako Udalaren arabera, “segurtasun osoa” ez duten arte, Mendiola inguruko bizilagunak ez dira euren etxeetara itzuliko: “Ahalik eta azkarren izatea espero dugu”.
Joan den urriaren 21ean izandako luizian, Mendiola inguruko hogei bat bizilagun etxetik atera behar izan zituzten. Ez zen zauriturik izan.
Udalak egindako ikerketaren arabera, goiko harrobian dauden hobiak estolderiara ez bideratzea izan zen luizia sortzeko arrazoietako bat. Bertako lurraren jabea eta enpresa galdekatuko dituzte luizia argitzeko espedientean.

