Lau ordenantza behin betiko onartu ditu udalak, jendaurrean egon ondoren
Lau ordenantza behin betiko onartu ditu udalak, jendaurrean egon ondoren
Lau ordenantza behin betiko onartu ditu udalak jendaurrean egon ondoren. Ordenantza horiek hurrenez hurren uraren kudeaketa arautzen duena, salmenta ibiltaria edo azoka txikia arautzen duena, gazte lokalak arautzen dituena, eta azkenik, bide publikoan edo erabilera publikoko eremuetan terrazak eta mahai multzoak jartzea arautzeko udal ordenantza dira.
Ordenantza horiek irailaren 27an egindako ohiko osoko bilkuran onartu zituen Udalbatzak, eta ondoren hilabetez izan dira jendeaurrean, herritarrei helegiteak aurkezteko aukera emateko. Onartutako lau ordenantzetan “aldaketa txiki batzuk” egin dituztela zehaztu dute udaletik: “Formari dagokion aldaketak izan dira egindako guztiak, eta minimoak izan dira, gainera. Irakurmena eta ulermena errazteko egin dira, hain zuzen ere”.
Hilerriaren araudia
Oraindik onartu gabe dagoen bosgarren ordenantza bat badagoela jakinarazi du, bestalde, udalak. Lezoko udal hilerriaren erregimen eta funtzionamenduaren gaineko udal ordenantza, hain zuzen ere. Azken hori oraindik osatzen ari direla esan dute udaletik, “hori dela eta ez dago oraindik onartuta”.
Behin ordenantza osatuta, jendaurrean jarriko dute dagokion epean egin beharreko erreklamazioak eta helegiteak aurkeztu ahal izateko. Epe hori bukatuta behin betiko onartuko dute hilerriaren gaineko araudia.

