Lasarte-Orian irabazita hirugarren postura itzuli da Hondarribia
Sailkapeneko lehen postuetara itzultzeko balio izan duen garaipena eskuratu zuen larunbatean Hondarribia futbol taldeak Lasarte-Orian, Ohorezko Mailako Ligako zortzigarren jardunaldian (1-3). Mikel Llorentek entrenatzen duen taldea hirugarren jarri da,...
Sailkapeneko lehen postuetara itzultzeko balio izan duen garaipena eskuratu zuen larunbatean Hondarribia futbol taldeak Lasarte-Orian, Ohorezko Mailako Ligako zortzigarren jardunaldian (1-3). Mikel Llorentek entrenatzen duen taldea hirugarren jarri da, hamabost punturekin, bigarren den Touringek baino bat gutxiago.
Hondarribikoek Ostadarren akatsak baliatu zituzten atsedenaldiaren aurretik bi goleko errenta lortzeko (Olaetxea, 42. minutuan eta Martinez, 43.ean). Etxekoen gola Arratibel hondarribiarrak sartu zuen bere atean eta Cervantesek lortu zuen berdeen hirugarrena, partida amaitzeko bost minutu falta zirela.
Partidaren ostean Llorente, berdeen entrenatzailea pozik geratu zen emaitzarekin eta jokalarien jarrerarekin: “Hau bezalako talde konprometituarekin oso erraza da gaur egin duguna bezalako partida onak egitea, baina gehiago bilatu behar dugu, hobetzen jarraitu behar dugu, apalak izanik”.
Aurreraren kontra, Hondartzan
Datorren asteburuan Aurrera hartuko du Hondarribiak, etxean. Ondarrutarrek partida bakarra irabazi dute, eta hiru berdindu. Denboraldia hasi aurretik Aurrera permanentziarako aurkari zuzena izango zela zirudien, baina larunbatean irabaziz gero, Hondarribiak aurten beste helburu batzuk izango dituela argi utz dezake. Zalantzarik gabe, zalegoak orain arte erakutsiriko atxekimendua alde izango dute etxekoek hiru puntuak eskuratzeko.