‘Alde batetik eskerrak eman eta, bestetik, gure kontra jotzen du’
Irun Iruten euskara elkartearen eta Irungo Udaleko Euskara ordezkari Fernando San Martinen arteko polemika sortu da azken asteetan. Tokiko gobernuaren eta elkartearen arteko hitzarmenen haustura izan da polemika horren ardatza. Irun Iruteneko presidente Joxetxo Arrietak (Irun, 1954) azaldu du elkartearen ikuspuntua, eta San Martinen adierazpenen ondorioz komunikabideetara jotzera “behartuak” sentitu direla adierazi du. Nola sortu da elkartearen eta udalaren arteko polemika? Guk lehen prentsaurrekoa egin genuen helburu bakar batekin: Irun Irutenek, nahiz eta lantalde profesionala desegin, era aktiboan segituko duela esateko. Egoera honetara iritsi gara, alde batetik, udalak ez duelako hitzarmena gurekin sinatuko. Eta bestetik, Irun Irutenek kudeatzen zituen egitasmoak, zerbitzu merkeena eskaintzen zuen enpresari esleituko zizkiotela esan zigutelako. Hori dela eta, guk ezin dugu berdin jarraitu, baina elkarte bezala bai jarraituko dugula. Handik gutxira, San Martin euskara zinegotziak adierazpen batzuk egin zituen. Batetik, eskerrak ematen zizkigun egindakoarengatik eta, bestetik, gure kontra jotzen zuen. Guk hori ez dugu ulertzen. Hitzarmena dela eta, beste elkarteak ere kontuan behar dituela esan zigun, eta egia da. Baina, bestetik, Irun Irutenek bere betebeharrak ez zituela bete ere esan zuen. Hala, erantzuteko beharra ikusi genuen. Onartzen dugu e-plaza programa ez genuela bete, baina ez zegoelako gure eskuetan. Beste guztia bete dugu. Beste gauza bat da, [...]
Irun Iruten euskara elkartearen eta Irungo Udaleko Euskara ordezkari Fernando San Martinen arteko polemika sortu da azken asteetan. Tokiko gobernuaren eta elkartearen arteko hitzarmenen haustura izan da polemika horren ardatza. Irun Iruteneko presidente Joxetxo Arrietak (Irun, 1954) azaldu du elkartearen ikuspuntua, eta San Martinen adierazpenen ondorioz komunikabideetara jotzera “behartuak” sentitu direla adierazi du.
Nola sortu da elkartearen eta udalaren arteko polemika?
Guk lehen prentsaurrekoa egin genuen helburu bakar batekin: Irun Irutenek, nahiz eta lantalde profesionala desegin, era aktiboan segituko duela esateko. Egoera honetara iritsi gara, alde batetik, udalak ez duelako hitzarmena gurekin sinatuko. Eta bestetik, Irun Irutenek kudeatzen zituen egitasmoak, zerbitzu merkeena eskaintzen zuen enpresari esleituko zizkiotela esan zigutelako. Hori dela eta, guk ezin dugu berdin jarraitu, baina elkarte bezala bai jarraituko dugula. Handik gutxira, San Martin euskara zinegotziak adierazpen batzuk egin zituen. Batetik, eskerrak ematen zizkigun egindakoarengatik eta, bestetik, gure kontra jotzen zuen. Guk hori ez dugu ulertzen. Hitzarmena dela eta, beste elkarteak ere kontuan behar dituela esan zigun, eta egia da. Baina, bestetik, Irun Irutenek bere betebeharrak ez zituela bete ere esan zuen. Hala, erantzuteko beharra ikusi genuen. Onartzen dugu e-plaza programa ez genuela bete, baina ez zegoelako gure eskuetan. Beste guztia bete dugu. Beste gauza bat da, udaletxeak nahi zuen bezala bete dugun edo ez. Adibidez, antolatu ditugun gauza batzutan oso jende gutxik parte hartzen zuenez, antolatu genituen, baina azkenean ez genituen egin. Gainera, elkarte askori pasatzen zaien zerbait da, bi katu etorri eta ezin egin. San Martinek ez dakit zergatik ez zuen egia esan eta, gainera, prentsan azaldu diren gauzak guri inoiz esan ez dizkigunak dira. Prentsaren aurrean bota ditu kritikak guri ezer esan gabe, eta hori oso gogorra da.
Nola ikusten duzu zuk orain Euskararen Biziberritze Plana?
Bi gauza biziberritze plana dela eta. Bat: benetan euskaraz bizitzeko plan berria izan behar du. Zaila da jakitea zehatz-mehatz udalak zer egin duen eta zer egiten ari den. Guk dakiguna da, hasieran udalak adostasun garrantzitsua lortu zuela, lehenik eta behin gizarte eragileekin. Biziberritze plana martxan jarri aurretik udalak 20-25 lagun elkartu gintuen udaletxean, eta bilera pare batean gure ekarpenak egin genituen, plana aurrera ateratzeko. Sei edo zazpi urte pasatu ondoren, hor parte hartu genuenok ez dakigu gure ekarpenekin zer gertatu zen: onartu ziren, ez ziren onartu…
Dakigun bakarra da duela urte eta erdi, guk bultzatuta, udalak berriro antolatu zuela bilera eta lau lagunek parte hartu genuela: Landetxa bizilagun elkarteko kide batek, AEK-ko irakasle batek eta Irun Iruteneko zuzendaritzako bi kidek. Biziberritze planarekin zer gertatzen zen galdetu genuen orduan. Bi: biziberritze plana zerbait interesgarria eta beharrezkoa denez, udalak ohiko bilkuran aho batez onartu zuen. Hau da, alderdi politiko guztiak prest zeuden hor agertzen zena aurrera eramateko. Baina alderdi politikoek eta udaletxeko langileek ere ez dakite ezer. Biziberritze plana garrantzitsua da, martxan jartzen duelako Irunen egin behar den guztia, baina oso gutxi egiten ari dira. Euskaraz bizitzeko edo bizi ahal izateko udaletxe barruan, eta nik lanpostu bat lortzeko euskararen onerako neurriak jartzen baldin baditut, argi eta garbi gelditu behar da gauza bat: zuk postu hori lortzen baldin baduzu, zure lana euskaraz egin behar duzu; ez duzu erdara hutsean egin beharko eta teknikariari lana eman. Baina ez da hori bakarrik. Hor konpromiso gehiago badaude, izan ere, Irunen dagoen instituzio bakarra ez da udala. Hor dago epaitegia, adibidez. Udalak ezin du epaitegian sartu, jakiteko beste instituzioetan zer egiten ari den Irungo hiritarrak euskaraz atenditzeko? Noski egin dezakeela, eta hori da euskararen alde lan egitea ere. Baina hori ere ez da egiten ari. Jakin badakigu udalaren Euskara Arloak plan bat izango duela, baina argi eta garbi dago ez dela aurrera ondo eramaten ari. Istorio honetan denok batera egin behar dugu, bakoitza bere arduratik, bakoitza bere eremuan, baina batera. Denok jakin behar dugu zehatz-mehatz non gauden eta nora joan nahi dugun. Asteartean alderdi politikoekin hitz egin genuen eta argi eta garbi gelditu zen inork ez dakiela udala nondik doan. Adibidez, Betti Gottik eta guk, udaleku irekiak euskara hutsean antolatzen genituen. Udalak elebitan egiten ditu udalekuak, nahiz eta neska-mutil guztiak euskaldunak izan, euskaraz jakin edo euskaraz ulertu. Zergatik?
Argudiatu dute, Irunen beste euskara elkarte batzuk daudela eta ezin dutela zuekin soilik hitzarmena sinatu, baina Eskola Kirola Tolosako enpresa bati esleitu diote azkenean.
Kontraesana da, erabat. Irunen zaila da beste euskara elkarte bat egotea. Gu eta Tolosako enpresa bat aurkeztu ginen lehiaketara eta eurei eman zieten. Ondo egiten badute, ikasleen onerako da eta poztuko naiz. Enpresa batzuk euskararen inguruan mugitzen dira, baina beste batzuk aurkezteko aukera dute eta egitasmoak eurei esleitzea lortzen dute.