Ordenantza fiskalak eta Catelsako langileen mozioa aurrera atera dira
Hileko ohiko osoko bilkura izan zen herenegun, eta gai ordenean proposatutako puntu guztiek ikusi zuten argi berdea. Hor bi gai nagusi nabarmendu daitezke: ordenantza fiskalen hasierako onespena eta Catelsako langileek aurkeztutako mozioa. Ez zuten biek, ordea, babes bera eduki. Ordenantza fiskalak udal taldearen aldeko botoekin atera ziren aurrera; PSE-EE eta EAJ abstenitu egin ziren, eta PPk kontra bozkatu zuen. Catelsako mozioa aho batez onartu zuten. Ordenantza fiskalen gaiak sortu zuen eztabaida luzeena, batik bat etxebizitzei aplikatuko dieten gainkarga dela eta. Higiezinen gaineko zerga %100 igotzea proposatu dute, eta PPk hasieratik erakutsi zuen bere kontrakotasuna. Tasa hori zein irizpiderekin ezarriko duten galdetu zuen Jose Manuel Herzog bozeramaileak, eta horrek aberatsen dirua aldentzea ekarriko duela iritzi dio, ez baita herri guztietan aplikatuko. EAJ zentzu batean ados agertu zen, baina udal gobernu taldea kritikatu zuen batik bat neurri hori «are gehiago orraztu» behar zuelakoan. Maite Peña bozeramailea PPren ildotik mintzatu zen, eta horrek herritarren “pikarokeria” eragingo duela esan zuen. Neurri horrekin, gainera, udalak etxe hutsei irtenbidea eman baino dirua bildu nahi duela kritikatu zuen. Julen Mendoza alkateak erantzun zion neurria onartzea dela garrantzitsuena, eta hurrengo urtean ikusiko direla emaitzak, eta “pikarokeriarena egia bada”, orduan ikusiko dutela zehaztapen gehiago egin behar diren edo ez. [...]
Hileko ohiko osoko bilkura izan zen herenegun, eta gai ordenean proposatutako puntu guztiek ikusi zuten argi berdea. Hor bi gai nagusi nabarmendu daitezke: ordenantza fiskalen hasierako onespena eta Catelsako langileek aurkeztutako mozioa. Ez zuten biek, ordea, babes bera eduki. Ordenantza fiskalak udal taldearen aldeko botoekin atera ziren aurrera; PSE-EE eta EAJ abstenitu egin ziren, eta PPk kontra bozkatu zuen. Catelsako mozioa aho batez onartu zuten.
Ordenantza fiskalen gaiak sortu zuen eztabaida luzeena, batik bat etxebizitzei aplikatuko dieten gainkarga dela eta. Higiezinen gaineko zerga %100 igotzea proposatu dute, eta PPk hasieratik erakutsi zuen bere kontrakotasuna. Tasa hori zein irizpiderekin ezarriko duten galdetu zuen Jose Manuel Herzog bozeramaileak, eta horrek aberatsen dirua aldentzea ekarriko duela iritzi dio, ez baita herri guztietan aplikatuko.
EAJ zentzu batean ados agertu zen, baina udal gobernu taldea kritikatu zuen batik bat neurri hori «are gehiago orraztu» behar zuelakoan. Maite Peña bozeramailea PPren ildotik mintzatu zen, eta horrek herritarren “pikarokeria” eragingo duela esan zuen. Neurri horrekin, gainera, udalak etxe hutsei irtenbidea eman baino dirua bildu nahi duela kritikatu zuen.
Julen Mendoza alkateak erantzun zion neurria onartzea dela garrantzitsuena, eta hurrengo urtean ikusiko direla emaitzak, eta “pikarokeriarena egia bada”, orduan ikusiko dutela zehaztapen gehiago egin behar diren edo ez. Bestalde, berretsi egin zuen etxe hutsei irtenbidea emateko duen asmoa, eta herrian 1.500 etxebizitza huts daudela gogorarazi zuen.
Ordenantza fiskalak %3an
Gainontzean, garraio publiko, ura eta estolderiaren tasak izoztu egin dituzte, —ura eta estolderia PSE-EErekin hitzartu dituzte—. Merkataritza txikian, berriz, denda irekiz gero aplikatzen den tasa izoztuko dute, %33ko hobaria mantenduko dute komertzio lokaletan obrak eginez gero, eta Beraungo eta Zumardiko merkatu txikietan postua jartzeko tasak izoztuko dituzte. Ostalaritzan terraza kanpoan jartzeagatik %1,5eko igoera murriztua proposatu du udal gobernu taldeak. Azkenik, “ekonomia jarduerari indarra emateko” ekonomia jardueren zergan hobariak aurreikusi ditu kontratu mugaezinak egiten dituzten enpresentzat. Kooperatibei ere %50eko hobariak emango dizkiete. Ordenantza fiskalak, oro har, %3ko igoera izango du, irailean aurreikusitako KPItik behera; %3,4koa izan da.
Neurri horien helburua, udalaren egoera ekonomikoa ona ez izan arren, “herritarrei krisiaren pisuarekin ez kargatzea” dela azaldu zuen Jon Txasko Ogasun zinegotziak.
Zentzu horretan, Maite Peñak esan zuen KPIaren arabera ez direla igoko aurten soldata asko, eta horregatik bere taldeak %2,5 igoera proposatu duela. Horrez gain, hobaria kooperatibei soilik ezartzearekin ez zen ados agertu, eta hori, oro har, enpresa txiki eta ertain guztiei ezarri beharko litzaiekeela adierazi zuen.
Lan gatazkak
Catelsaren mozioan, PPk sortu zuen desadostasun puntu bakarra, “udalak ba al du egitekorik gai horretan?”, galdetu zuen Herzog PPko bozeramaileak. Horrek zurrumurrua sortu zuen udaletxera joan ziren Catelsako ordezkarien artean. Hala eta guztiz ere, gero aldeko botoa eman zuen bozketan. Gainontzeko talde guztiek eman zieten euren babesa eta elkartasuna langileei. Udalak enpresa dagoen “blokeo” egoeratik ateratzeko ahalegina egitea, langileak babestea, arazoa azaleratzea, eta multinazionalari bere kexa azaltzeko onartu zuten.
Lan arloko eskaerak ere zuzendu zituzten Sabecoko langile izandakoek, lehenengo udaletxe kanpoan eta gero barruan, galdera eta eskarien atalean. Udal gobernu taldea egin zuten euren egoeraren erantzule, eta langileak subrogatzeko onartutako akordioa bete dezaten eskatzeko zein kudeaketa egin duen galdetu zioten.
Mendozak erantzun zien “defendatzen ari zaiena erasotzen” ari direla langileak, eta udalak “ahal duen guztia” egin duela azaldu zien, “Murias Center 4rekin harremana hausteraino”. Hala akordioan bildutakoa bete dutela adierazi zuen, eta Murias Center 4ko administrazio kontseilura eraman zutela gaia, baina gai zerrendan ez zutela kontuan hartu, eta Mendozak berak hori salatu eta eztabaidatzeko eskatu arren, “bilera bukatu zen moduan bukatu” zela. “Gure posizioa argi mantendu dugu, eta horrek koste bat eragin digu. Esan diezagutela argi zer egin daitekeen”, esan zuen.
Bestalde, zinegotziek mikrofono berriak estreinatu zituzten.

