Irrien Lagunak Lezon taldeak Pildaingo orubea berreskuratu nahi du
HH5 eta LHko ikasleekin auzolanean egi bihurtzeko egitasmoa diseinatuko dute hilabete honetan Irrien Lagunak Lezon taldeak parte hartze prozesua zabaldu nahi du haurren artean, Pildaingo eremua auzolanean berreskuratzeko. Horretarako Lezo Herri Eskolako eta Pasaia-Lezo Lizeoko HH5 eta LHko ikasleen artean talde bat osatu eta sei dinamizatzailerekin batera eremu horretan zer egin nahi duten esatea proposatuko diete. Izena emateko eskuorria banatu dute, eta parte hartu nahi duten haurrek hilaren 7a dute azken eguna hori bete eta irakasleari emateko. Haur taldearekin hiru saio antolatu dituzte, hilaren 16an, 23an eta 30ean, arratsaldeko bostetatik aurrera Pasaia-Lezo Lizeoak Lezon duen eraikinean. Bertan bilduta haur guztien artean proposamenak adostu beharko dituzte: «Pildaingo orubea berreskuratzeko zer egin daitekeen edo zer egin nahi duten bertan proposatuko dute haurrek, eta ondoren herriari emango diote azken proiektuaren berri». Proiektua egi bihurtu Hurrengo urratsa, haurren taldeak egindako saioetan adostutakoa, auzolanean eta ahalik eta herritarren parte hartze zabalenarekin egi bihurtzea izango da: «Kontua ez da proposamen hutsa egitea, adostutako hori egingarria izatea, eta auzolanean egi bihurtzea da azken helburua». Horren harira, guraso, anai-arrebak, aiton-amonak, izeba-osabak eta bizilagun guztiak deitu dituzte parte hartzera Irrien Lagunak Lezon taldeko kideek, «Lezon euskaraz bizi nahi duen orok du lekua egitasmo honetan». Parte hartze eskaera ez dute [...]
HH5 eta LHko ikasleekin auzolanean egi bihurtzeko egitasmoa diseinatuko dute hilabete honetan
Irrien Lagunak Lezon taldeak parte hartze prozesua zabaldu nahi du haurren artean, Pildaingo eremua auzolanean berreskuratzeko. Horretarako Lezo Herri Eskolako eta Pasaia-Lezo Lizeoko HH5 eta LHko ikasleen artean talde bat osatu eta sei dinamizatzailerekin batera eremu horretan zer egin nahi duten esatea proposatuko diete. Izena emateko eskuorria banatu dute, eta parte hartu nahi duten haurrek hilaren 7a dute azken eguna hori bete eta irakasleari emateko.
Haur taldearekin hiru saio antolatu dituzte, hilaren 16an, 23an eta 30ean, arratsaldeko bostetatik aurrera Pasaia-Lezo Lizeoak Lezon duen eraikinean. Bertan bilduta haur guztien artean proposamenak adostu beharko dituzte: «Pildaingo orubea berreskuratzeko zer egin daitekeen edo zer egin nahi duten bertan proposatuko dute haurrek, eta ondoren herriari emango diote azken proiektuaren berri».
Proiektua egi bihurtu
Hurrengo urratsa, haurren taldeak egindako saioetan adostutakoa, auzolanean eta ahalik eta herritarren parte hartze zabalenarekin egi bihurtzea izango da: «Kontua ez da proposamen hutsa egitea, adostutako hori egingarria izatea, eta auzolanean egi bihurtzea da azken helburua».
Horren harira, guraso, anai-arrebak, aiton-amonak, izeba-osabak eta bizilagun guztiak deitu dituzte parte hartzera Irrien Lagunak Lezon taldeko kideek, «Lezon euskaraz bizi nahi duen orok du lekua egitasmo honetan».
Parte hartze eskaera ez dute mugatu, beraz, haurrengana soilik, eta gurasoei ere egitasmoarekin «inplikatzeko» deia egin diete. Horretarako hainbat modu daudela gaineratu dute Irrien Lagunak Lezon taldeko kideek: antolakuntzan parte har dezakete bileretara joanda eta ekintzak antolatuta; hilabeteko kale ekintzetan modu aktiboan eta euskaraz parte hartu dezakete; seme-alabak haur taldean izena ematera animatu, eta gero auzolanean parte hartu dezakete Pildaingo orubea berreskuratzeko.
Euskarazko aisia hezitzailea
Oarsoaldea mailan sortutako egitasmoaren moduan, Lezoko Irrien Lagunena «aisia proiektu hezitzaile, euskaldun, herritar eta parte hartzailea» dela nabarmendu dute taldekideek. Helburua, berriz, argi dute: «Aisia egitarau heziatzailea antolatu nahi dugu eta euskaraz bizitzeko arnasguneak sortu eta haur, gazte eta helduak elkarlanean arituz lan egiteko modu berri bat sortu. Herrigintza sustatu nahi dugu, eta gure herria denon artean hobetu».