Errenteriako Kutxako ordezkaria PSE-EEkoa izango da
Joan den astearteko plenoa mamitsua izan zen. Hasteko, espero baino beranduago hasi zen, azken orduan sartutako mozio batengatik. Gainera, zinegotziek gai zerrenda luzea zeukaten eztabaidatzeko, hamabost puntukoa. Horien artean, udalak Kutxako Batzar N...
Joan den astearteko plenoa mamitsua izan zen. Hasteko, espero baino beranduago hasi zen, azken orduan sartutako mozio batengatik. Gainera, zinegotziek gai zerrenda luzea zeukaten eztabaidatzeko, hamabost puntukoa. Horien artean, udalak Kutxako Batzar Nagusian izango duen ordezkaria aukeratu behar zuten. Azkenean, Bilduren proposamena ez zen aurrera atera, PSE-EEri eman baitzioten babesa EAJk eta PPk. Gehiengoa, horrenbestez, PSE-EEk aurkeztutako hautagaiaren alde agertu zen: Pedro Maria Fernandez.
Puntuen artean bost mozio aurkeztu zituzten talde politikoek. Horien artean, Bilduk, “gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru presoen baldintzapeko askatasuna” eskatu zuen. Ildo horretatik, EAJk ere mozio alternatiboa aurkeztu zuen, aldaketa batekin, baina bi mozioak aurrera atera ziren.
Plenoa luzatu zuen mozioa azkena izan zen, Frankismoaren Aurkako Kereilaren Euskal Plataformaren Agiriaren harira aurkeztutakoa. Horren arrazoia puntuak banan-banan bozkatu zituztela izan zen. Gehienetan ados jarri ziren zinegotziak.
Beste mozioen artean, abortuaren gaineko bi zeuden, Errenteriako Ezkerrak eta PSE-EEk aurkeztutakoak, baina azkenean biak batu zituzten. Zinegotzi guztiek egin zuten bat PPko biek izan ezik.
Azkeneko mozioa, EAJk herriko hainbat kaleren izena aldatzeko proposatutakoa, mahai gainean geratu zen beste pleno baterako, gainontzeko taldeek denbora gehiago eskatu baitzuten eztabaidatzeko eta akordio posibleren bat lortzeko.