Ainhoa Intxaurrandieta: "Itxasok ez du udal bat ere ordezkatzen"
Aginte aldaketa izan da San Marko Mankomunitatean, Denis Itxasok (PSE-EE) Ainhoa Intxaurrandieta (Bildu) ordezkatu baitu presidentetzan. Itxasok errauste planta babesten duten beste alderdien botoei esker hartu du kargua, EAJri eta PPri esker. Intxaurrandieta kritiko agertu da herenegungo bileraren ondoren, eta honakoa esan du: “Itxasok ez du udal bat ere ordezkatzen. Mankomunitateko hamar udalerrietatik bederatzitan Bildu dago agintean, eta hamargarrenean, EAJ (Urnietan). Zein zentzu du horrek?”, gaineratu du.
Bilera horren aurretik atez atekoa arbuiatu zuen Itxasok, baina Intxaurrandietak gogorarazi du hondakinak nola bildu erabakitzeko ardura udalena dela, eta ezin duela Mankomunitateak erabaki. Era berean, errauste plantaren gaineko erabakiak ere ezin direla San Markotik hartu azaldu du.
Agintean egon den hamar hilabeteen balorazio positiboa egin du lezoarrak, eta egindako lanaren eredu astelehenean industrialdeetan abian jarriko den ekimena jarri du: “Gipuzkoako 2.600 enpresatan hondakinak biltzeko modu berria jarriko da abian. Hondakinak lau frakziotan biltzetik, hamalautan jasoko dira. Horrek ahalbidetuko du urteko zabortegietara 6.000 tona zabor gutxiago joatea. Enpresek onura ekonomikoak izango dituzte”.
Oposiziotik, baina, lanean jarraituko duela berretsi du. Herenegungo bileraren ondoren, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketan ordezkari izango da Intxaurrandieta PPko Ramon Gomezekin batera. Presidenteordea, berriz, Mikel Pagola Urnietako alkatea izango da (EAJ).
Kargu hartzea, irainen artean
Denis Itxasok erraustearen kontrako taldeen iranen artean hartu zuen kargua herenegun. “Liskarrik sortzen ez duen gehiengo bat ordezkatzen dut. Atez atekoaren eta zabortegiaren eredu zaharkituaren kontrako 60.000 sinadurak dira gehiengo horren bermerik handiena”, esan zuen. Atez atekoa ere kritikatu zuen beste behin: “Ezin duzue egin Mankomunitatearen eta batzar nagusien borondatearen kontra”.
Bilera irekia izan zen eta Gipuzkoako Erraustearen Aurkako Plataformako Koordinakundeko ordezkaritza bat bertan izan zen. Azpiegitura hori “dirua xahutzea” dela adierazi zuen.
EAJ: “Ez da betorik gertatu”
Herenegun, EAJren iritziz, “ez zen inolako fronterik edo betorik edo bestelakorik gertatu, ordezkaritza demokratikoaren aplikazioa baizik”. Gaineratu duenez, “erabaki logikoa” izan da; are gehiago, “duela urte eta erdi”, udal hauteskundeen ostean, hartu beharko litzatekeena: “Garaiz egin ez bazen alderdi sozialistaren interesengatik izan zen”.
Denbora horretan Bilduko ordezkariek hartu dituzten erabakiak, “Mankomunitateak eskaintzen dituen baliabideak bertarako jendearen gehiengo zabal batek defendatzen duen kudeaketa eredu aurrerakoiaren kontra” doazela iritzi dio.
Hurrengo batzarrean, gainera, “orain arte Bilduk Mankomunitatetik kobratu dituen soldata eta liberalizazio guztiak bertan behera uztea” proposatuko duela aurreratu du EAJk.