Ainhoa Intxaurrandieta: "Itxasok ez du udal bat ere ordezkatzen"
Aldaketa izan zen atzo San Marko Mankomunitateko zuzendaritzan. PSE-EEk eta EAJK egindako akordioari esker, eta PPren babesarekin, Ainhoa Intxaurrandieta (Bildu) presidenteari kargua kendu, eta haren ordez Denis Itxaso jarri da agintean. Intxaurrandietaren ustez, “Itxasok ez du udal bat ere ordezkatzen”, izan ere, mankomunitatearen barruko 10 udalerrietatik inon ez dagoelako agintean PSE-EE. “Bederatzi udalerritan Bildu dago agintean, eta hamargarrenean, EAJ (Urnietan). Zein zentzu du horrek?”, galdetu du Intxaurrandietak. Atzo egin zuten Donostian karguan aldaketa egiteko batzarra.
Itxasok atez atekoaren kontrako mezuak zabaldu zituen atzo kargua hartu aurretik. Horren aurrean, Intxaurrandietak nabarmendu du hondakinak biltzeko ardura udalena dela, San Markok ezin duela hori udalen ordez erabaki, “Udalbatzen eskumena da. Gainera, errauste plantaren gaineko erabakiak ezin dira San Markotik hartu, hori Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren eskumena da”.
Agintean egon den hamar hilabeteen balorazio positiboa egin du lezoarrak, eta egindako lanaren eredu astelehenean industrialdeetan abian jarriko den ekimena jarri du: “Gipuzkoako 2.600 enpresatan hondakinak biltzeko modu berria jarriko da abian. Hondakinak lau frakziotan biltzetik, 14tan jasoko dira. Horrek ahalbidetuko du zabortegietara 6.000 tona zabor gutxiago joatea, eta horren ondorioz enpresek onura ekonomikoak izango dituzte”. Hala ere, oposiziotik lanean jarraituko duela esan du Intxaurrandietak, “asko dago egiteko”.