Adi, prest, ja! Korrikalariak abiatu dira. Oraingoan, helburua, ordea, ez da helmuga ahalik eta lasterren zeharkatzea, ingurua euskararekin betetzea baizik. Oiartzunen eta Irunen Euskaraz Bizi Nahi Dut lasterketak egin zituzten larunbatean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak deituta, eta bi herrietako hainbat elkartek eta korrikalarik antolatuta. Guztira, 350dik gora lagun animatu ziren euskararen alde izerdia botatzera.
Irunen haurrek bakarrik egin zuten zirkuitua. Arantxa Iriarte Irun Iruten euskara elkarteko kideak azaldu duenez, egun horretan beste lasterketa bat ere bazen Irunen, eta horrenbestez, haurretara mugatzea erabaki zuten. 0 eta 11 urte arteko 55 umek egin zuten lasterka Zabaltza plazan prestatutako zirkuituan. Antolatzaileek egunaren balorazio positiboa egin dute: “Parte hartu zutenak gustura ibili ziren, eta eguraldiak ere lagundu zuen”.
Olinpiada kutsua eman zioten arratsaldeari Irun Iruten, Bidasoa Atletiko Taldea, Bidasoako EKT eta atzean egon diren beste eragileek; haurrek, korri egiteaz gain, kirol ginkana, erreleboak eta xabalina jaurtiketa probatzeko aukera izan zuten.
Oiartzunen, berriz, plazan elkartu ziren partaideak: 110 heldu eta 190 haur inguru animatu ziren euskararen aldeko keinua egitera. Gustura geratu dira antolatzaileak lasterketak izandako harrerarekin. Egun “biribila” izan zela iritzi dio Ane Badiola Ttur-tturreko kideak: “Denak lagundu zuen, eguraldiak ere. Muntaia ere osoa izan zen, txosna, taula, puzgarria…”.
Bi kasuetan zozketa egin zuten; parte hartzaileak, denak ez baziren ere, esku hutsik joan ez zitezen. Elastikoetatik hasita, kiroletako artikuluak, afariak eta elektronikako tresnak ere banatu zituzten.
Badiolak eskerrak eman dizkie parte hartu zuten guztiei, baita opariak eman zituzten talde eta komertzioei ere.
Oiartzungo talde eta komertzioak
- Girizia Elkartea
- Artaso Elkartea
- Auzokalte Elkartea
- Aldeguna Elkartea
- Bizardi Elkartea
- Iturriberri Elkartea
- Alcampo
- Carrefour
- Inter Sport
- Oiartzun karabanak
- DIXIDU diseinu grafikoa
- Kutxabank
- Euskadiko kutxa
- Sabadell banketxea
- Oarsoak edariak
- Txost pilota elkartea
- Oiartzun kirol elkartea
- Oiartzun irratia
- Ze Satek musika taldea
- Oiartzungo Euskal Herrian Euskaraz
- Sein izarrak
- Rural Kutxa
- Euskeran Itotiyak
- Haurtzaro Atletismo Taldea
- Real Sociedad atletismo
- Neil Stephens (Orica-Greenedge)
- Oarso Bidasoko Hitza
- Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua
- Oarsoaldea Igeriketa Elkartea
- Gezak (Elorsoro Kiroldegia)
- ESAIT
- Girizia Mendi Elkartea
- Oiarpe Pilota Elkartea
- Saskilagunak Saskibaloi Taldea
- Aroxkene Nekazal Etxea
- Olazi Nekazal Etxea
- Izaro Arrandegia