Jarraipen handia izaten ari da greba Oarsoaldean eta Bidasoan
LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek HITZAri esan diotenez, gaurko greba orokor deialdia jarraipen handia izaten ari da, Oarsoaldean Bidasoan baino gehiago. Sindikatuetako ordezkariek jakinarazi dute bi eskualdeetako enpresa handienek (Pasaiako portua, CAF Irun, Palmera, Tesa, Niessen…) eten egin dutela euren jarduera, eta Errenteria-Oreretako Papresan, esaterako, lehen txandako langileek bat egin dutela deialdiarekin.
Udaletan ia erabatekoa izan da geldialdia. Irungoan izan ezik, gainontzeko udaletan ez dago jarduerarik. Hezkuntzan ere ia erabatekoa da grebaren eragina. Garraio publikoak gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira, eta horrek, LABen arabera, “egunaren izaera desitxuratu du”.
Herrietako denda eta ostalaritza guneetan hurrengo orduetan jakingo da zein den grebaren eragina.
Bi sindikatuetako ordezkariek esan dute, aparteko liskarrik izan ez den arren, Ertzaintzaren jarrera “oso aktiboa” dela.