Bizitzea, geroz eta garestiago
Beldurrez hartu dute merkatari eta kontsumitzaileek, Mariano Raxoiren Gobernuak hilaren hasierarekin batera ezarri berri duen Balio Erantsiaren Gaineko (BEZ) zergaren igoera. Krisiak dagoeneko zigortuak dituen poltsikoetan eragingo du gehienbat neurri horrek, eta gainera, eguneroko bizimoduan beharrezkoak diren hainbat produkturi eragingo die. Juan Carlos Miranda, Aliprox supermerkatuko jabea da Lezon, eta jendeak erosteko garaian “atzera egin” duela nabarmendu du: “Supermerkatura jende bera etortzen bada ere, gutxiago erosten du. Jendea beldur da egoerarekin”. Garai batean markako produktuak saskiratzen zituztenak, orain marka zurien aldeko hautua egiten dutela gaineratu du Mirandak, “baita eskantzei erreparatu ere”. Janaria erosteko garaian, krisiak eta BEZaren igoerak eragin duela zalantzarik ez du: “Gure kasuan edariak, ardoa eta halakoak dira gehien igo direnak, baina horiekin batera beharrezkoak diren beste batzuk ere igo dira: komuneko papera, haurrentzako pardelak, konpresak… eta izugarria iruditzen zait”. Iluna ikusten du etorkizuna Mirandak, eta argi du «aldaketa orokorra» eragin ezean, ilunagoa izango dela egunetik egunera. Eskolako liburuak garestiago Hiru BEZ mota daude: supermurriztua, %4koa; murriztua, %8tik %10era igo dena; eta arrunta azkenik, %18tik %21era igo dena. Igoerekin batera, BEZ supermurriztuan edo murriztuan taldekatuta zeuden hainbat produktu BEZ arruntera pasatu dira orain, eta neurri horrek eragin ditu prezio igoerarik handienak. Talde horren barruan sartzen dira adibidez, eskola [...]
Beldurrez hartu dute merkatari eta kontsumitzaileek, Mariano Raxoiren Gobernuak hilaren hasierarekin batera ezarri berri duen Balio Erantsiaren Gaineko (BEZ) zergaren igoera. Krisiak dagoeneko zigortuak dituen poltsikoetan eragingo du gehienbat neurri horrek, eta gainera, eguneroko bizimoduan beharrezkoak diren hainbat produkturi eragingo die.
Juan Carlos Miranda, Aliprox supermerkatuko jabea da Lezon, eta jendeak erosteko garaian “atzera egin” duela nabarmendu du: “Supermerkatura jende bera etortzen bada ere, gutxiago erosten du. Jendea beldur da egoerarekin”. Garai batean markako produktuak saskiratzen zituztenak, orain marka zurien aldeko hautua egiten dutela gaineratu du Mirandak, “baita eskantzei erreparatu ere”. Janaria erosteko garaian, krisiak eta BEZaren igoerak eragin duela zalantzarik ez du: “Gure kasuan edariak, ardoa eta halakoak dira gehien igo direnak, baina horiekin batera beharrezkoak diren beste batzuk ere igo dira: komuneko papera, haurrentzako pardelak, konpresak… eta izugarria iruditzen zait”.
Iluna ikusten du etorkizuna Mirandak, eta argi du «aldaketa orokorra» eragin ezean, ilunagoa izango dela egunetik egunera.
Eskolako liburuak garestiago
Hiru BEZ mota daude: supermurriztua, %4koa; murriztua, %8tik %10era igo dena; eta arrunta azkenik, %18tik %21era igo dena. Igoerekin batera, BEZ supermurriztuan edo murriztuan taldekatuta zeuden hainbat produktu BEZ arruntera pasatu dira orain, eta neurri horrek eragin ditu prezio igoerarik handienak. Talde horren barruan sartzen dira adibidez, eskola liburuak.
“Haurrek eta eskola garaian dagoen edozeinek ezinbestekoak ditu ikasteko, hala ere, %4ko BEZa izatetik, %21eko BEZa izatera pasatu dira”, dio Lezoko Zubitxo-Bi liburudendako nagusiak. Zalantzarik ez du salmentetan bere sektorean okerrerako eragina izango duela Madrilgo Gobernuaren azken erabakiak, eta Mirandaren antzera, jendea egoerarekin orokorrean beldurtuta dagoela nabarmendu du.
Kiroldegiak, murriztutik BEZ arruntera pasa dira, %8tik %21era, hain zuzen. Lezoko Bekoerrota kiroldegian eta Altzate igerilekuetan ez dute igoerarik egin oraindik, baina epe laburrean aldaketak iritsiko direla zehaztu du Urko Munduate zuzendariak: “Udalak egin behar dituen prozedura administratibo batzuk daude, eta horiek eginda igoera ezarriko dugu”. Azken bi urteetan bazkide kopurua jaitsi dela nabarmendu du Munduatek, “guztira 500 bazkide ordaintzaile gutxiago izan ditugu azken bi urteetan”, eta BEZaren igoerak mesederik ez diela egingo argi du. Krisiari aurre egiteko neurriak hartzen ari direla gaineratu du bestetik Bekoerrotako zuzendariak: “Joan den hilabetean langabearen kuota jarri genuen martxan”. Erretiratuen baldintza berak dituzte horren arabera.
Ilea moztea ere garestiago
Ileapaindegiek kiroldegien igoera bera izan dute. Luzia Vizuete izen bereko gizonen ileapaindegiko nagusia da eta astelehenaz geroztik bi euro garestiagoa da bere ileapaindegian ilea moztea, hala ere, aldaketa handirik ez duela sumatu esan du “oraingoz”: “Nabaritu dudana hilabetero etortzen ziren bezeroak orain hilabete erdiro edo bi hilabetero etortzen direla da”.

