Portuak eta EHUk ituna egin dute itsasargiak atondu eta bisitagarri egiteko
Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako zazpi itsasargien garapena ahalbidetzeko, eta horrela, ibilbide turisitiko bat sortzeko. Hala, itun horren bitartez, hemendik urte batzuetara itsasargi horiek bisitagarriak izatea da euren helburua. Oarsoaldeari zein Bidasoari dagokionez, Platako eta Senekozuluako itsasargiak Pasaian, eta Higerrekoa Hondarribian daude zazpi faro horien artean. Horretarako, lau urteko iraupena izango duen plan estrategikoa jarriko dute abian. Itsasargiak “bisitagarri” egiteaz gain, ibilbide turistiko zein kulturaletan txertatzea nahi dute. EHUko Birgaitze eta Eraikitako Ondarearen Kudeaketarako Masterreko ikasleak eta Arkitektura, Hirigintza eta Ondareko doktoretza programa dira hitzarmenean egongo diren EHUko adarrak. Egoitza nagusia Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan dute. Hala ere, ez dira hutsetik lanean hasiko. Santiago Sanchez Beitia EHUko irakasleak adierazi duenez, urtebete daramate bi erakundeek helburua betetzeko elkarlanean. Horrela, itsasargiekin master horren hirugarren promozioa hasi berri dute. Guztira, 120 ikaslek hartu dute parte hiru ekitaldietan. Doktoradutzan, berriz, hogei lan aurkeztu dituzte. Ikerketa eta dinamizazioa Sanchezek esan duenez, hitzarmena «testuinguru zail» batean sinatu dute, “baina lizentziatu gazteak hezitzeko balio izango du”. Hitzarmenak bi alderdi izango dituela adierazi du irakasleak. Alde batetik, ikerketari dagokiona, eta bestetik, “dinamizatzailea”, hau da, itsasargien erakargarritasuna ibilbide turistiko zein kulturaletan nola txertatu aztertzea. Horrela, ikerketaren arloan, Espainiako Portuak erakundeak [...]
Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) hitzarmena sinatu dute Gipuzkoako zazpi itsasargien garapena ahalbidetzeko, eta horrela, ibilbide turisitiko bat sortzeko. Hala, itun horren bitartez, hemendik urte batzuetara itsasargi horiek bisitagarriak izatea da euren helburua. Oarsoaldeari zein Bidasoari dagokionez, Platako eta Senekozuluako itsasargiak Pasaian, eta Higerrekoa Hondarribian daude zazpi faro horien artean.
Horretarako, lau urteko iraupena izango duen plan estrategikoa jarriko dute abian. Itsasargiak “bisitagarri” egiteaz gain, ibilbide turistiko zein kulturaletan txertatzea nahi dute. EHUko Birgaitze eta Eraikitako Ondarearen Kudeaketarako Masterreko ikasleak eta Arkitektura, Hirigintza eta Ondareko doktoretza programa dira hitzarmenean egongo diren EHUko adarrak. Egoitza nagusia Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan dute.
Hala ere, ez dira hutsetik lanean hasiko. Santiago Sanchez Beitia EHUko irakasleak adierazi duenez, urtebete daramate bi erakundeek helburua betetzeko elkarlanean. Horrela, itsasargiekin master horren hirugarren promozioa hasi berri dute. Guztira, 120 ikaslek hartu dute parte hiru ekitaldietan. Doktoradutzan, berriz, hogei lan aurkeztu dituzte.
Ikerketa eta dinamizazioa
Sanchezek esan duenez, hitzarmena «testuinguru zail» batean sinatu dute, “baina lizentziatu gazteak hezitzeko balio izango du”. Hitzarmenak bi alderdi izango dituela adierazi du irakasleak. Alde batetik, ikerketari dagokiona, eta bestetik, “dinamizatzailea”, hau da, itsasargien erakargarritasuna ibilbide turistiko zein kulturaletan nola txertatu aztertzea.
Horrela, ikerketaren arloan, Espainiako Portuak erakundeak itsasargien gainean dituen dokumentu guztiak ekarri dituzte Madrildik. Guztira 70 giga dira. Dinamizazioan, berriz, itsasargien balioa erakustea dute helburu, marketing kanpainen bitartez. Gipuzkoako Itsasargiak marka sortu dute.
Lucio Hernando Pasaiako Portu Agintaritzaren presidenteak adierazi du eurek kudeatzen dituzten itsasargi horiek “Gipuzkoako ondareari” lagako dizkiotela: “Mezenasgoa da agintaritzaren jardunetako bat, eta horretan jarraitzen dugu”. Hori bai, gainontzeko erakundeei (turistikoak zein politikoak) dei egin diete ibilbide hori sortzeko garaian baliabideak jar ditzaten. Zehaztu du Espainiako Portuak erakundeak dirua jarriko lukeela. Bisitariei ateak ireki arren, faroek euren funtzioa ez dute galduko.
Lehen industrializaziotik
Ikerketan lanean ari den Itziar Navarro ikasleak itsasargien hainbat xehetasun eman ditu. Horrela, zazpi itsasargi horiek Gipuzkoako lehen industrializaziotik daudela jakinarazi du. Egun dauden zazpietatik lautan jendea bizi dela esan du, Higerren, Platan, Igeldon eta Zumaian (Senekozuloaz gain, beste biak Donostiako Santa Klara uhartekoa eta Getariakoa dira).
Izan ere, duten teknologia dela eta, farozainak gau eta egun egon behar du itsasargian. Eraikinen osaketari dagokionez, denek dorrea, linterna, farozainaren etxebizitza, biltegia eta ingeniarientzako bulegoa dutela gogorarazi du. Dorreak oso altuak ez direla gaineratu du Navarrok: “Arkaitzen gainean eraikita daudenez, ez dute dorre luze tipiko horien beharrik”.
Estiloari dagokionez, gehienak neoklazisistak dira, Platakoa izan ezik, historizista delako —gaztelu ukitu bat du—. Ibilbidea osatze aldera, irisgarritasuna landu behar dela gaineratu du Navarrok.