Iazko artisau postu kopurua mantendu dute Erdi Aroko Azokan
Hamargarrenez 500 urtetik gora egingo du atzera denboran herriak, Errenkoaldek antolatutako Erdi Aroko Azoka dela eta. Erdialdeko kaleek garai hartako itxura hartuko dute larunbat eta igandean, eta horietan barrena ibiltzeko aukera izango da, artisau postuak bisitatuz. Aurten 70 izango dira —iazko kopurua mantendu dute—, guztiak Naparbideak enpresako partaideak. Oraindik ere aukera izango dute herriko artisauek beren postua jartzeko, baina horretarako bi baldintza bete behar dituzte: batetik, merkataritza elkartearekin harremanetan jartzea, eta bestetik, postuak Erdi Aroko itxura izatea. Postu horiek Santxoenea, Andra Mari, Kapitanenea, Madalen eta Biteri Txiki kaleetan egongo dira, Herriko Plazan eta Zumardian egoteaz gain. Azoka bakarrik ez da izango jendearen arreta piztuko duena. Horrez gain, Erdi Aroko hainbat lanbide ikasteko tailerrak egingo dituzte, eta bertan edozeinek parte hartzeko aukera izango du. Honako tailerrak prestatu dituzte: egurrezko jokoen tailerra, garaiko ogibideena, buztinarena, egurrezko kateena eta beira puztearena. Beste ekintza batzuk ere antolatu ditu Errenkoaldek. Hala nola, duela bi urte egin bezala, ardien txokoa jarriko dute, eta animaliak ikusteaz gain, ilea nola mozten dieten ikusi ahal izango dute hara joaten direnek. Bestetik, haurrei begira, hainbat joko eta tailer prestatu ditu. Horretarako Alaia elkartearen laguntza izango du, eta koroak, jostailuak eta beste hainbat ekintzekin ez dute aspertzeko astirik izango. Errenkoaldek ere [...]
Hamargarrenez 500 urtetik gora egingo du atzera denboran herriak, Errenkoaldek antolatutako Erdi Aroko Azoka dela eta. Erdialdeko kaleek garai hartako itxura hartuko dute larunbat eta igandean, eta horietan barrena ibiltzeko aukera izango da, artisau postuak bisitatuz. Aurten 70 izango dira —iazko kopurua mantendu dute—, guztiak Naparbideak enpresako partaideak.
Oraindik ere aukera izango dute herriko artisauek beren postua jartzeko, baina horretarako bi baldintza bete behar dituzte: batetik, merkataritza elkartearekin harremanetan jartzea, eta bestetik, postuak Erdi Aroko itxura izatea.
Postu horiek Santxoenea, Andra Mari, Kapitanenea, Madalen eta Biteri Txiki kaleetan egongo dira, Herriko Plazan eta Zumardian egoteaz gain.
Azoka bakarrik ez da izango jendearen arreta piztuko duena. Horrez gain, Erdi Aroko hainbat lanbide ikasteko tailerrak egingo dituzte, eta bertan edozeinek parte hartzeko aukera izango du. Honako tailerrak prestatu dituzte: egurrezko jokoen tailerra, garaiko ogibideena, buztinarena, egurrezko kateena eta beira puztearena.
Beste ekintza batzuk ere antolatu ditu Errenkoaldek. Hala nola, duela bi urte egin bezala, ardien txokoa jarriko dute, eta animaliak ikusteaz gain, ilea nola mozten dieten ikusi ahal izango dute hara joaten direnek.
Bestetik, haurrei begira, hainbat joko eta tailer prestatu ditu. Horretarako Alaia elkartearen laguntza izango du, eta koroak, jostailuak eta beste hainbat ekintzekin ez dute aspertzeko astirik izango.
Errenkoaldek ere gogorarazi du, beste urte batez, Gipuzkoako ehozirilariak izango direla udaletxeko arkupeetan, hariarekin duten trebezia erakusteko.
Herritar guztiei zein ingurukoei azoka bisitatzeko deia zabaldu diete. Iaz, 13.000 lagun inguru pasatu ziren Errenteria-Oreretako kaleetatik azokak iraun zuen bi egunetan.
Hamabost jantzi Torrekuan
Iraultza dantza taldeak XVI. mendeko jantziekin osatutako erakusketa prestatu du Torrekuan, eta igandera bitartean egongo da zabalik. Hara hurbiltzen direnek garai hartan euskal herritarrak nola janzten ziren ikusteko aukera izango dute. Erakusketa hori, Erdi Aroko Azokaren harira antolatu du dantza taldeak.
Hamabost jantzi aurkituko dituzte erakusketa bisitatzen dutenek: hamar emakumeenak eta bost gizonenak. Horiek guztiak XVI. mendeko grabatuetatik ateratakoak dira. Horietako bat nabarmendu du dantza taldeak: Parisko Louvre museoan dagoen tapiz batean topatutako jantzia. Hor zazpi emakume ageri dira, eta horietako bat Tondue de Renteri izenarekin ageri da.
Testuingurua ezagutze aldera, Iraultzak jakinarazi du garai hartako emakumeak buruko bereziekin ibiltzen zirela. Horiek inguruko formetan oinarrituta zeuden: animaliak, landareak… Inkisizioak, ordea, ez zeukan iritzi bera, eta debekatu egin zituen sexu organoak islatzen zituela arrazoituta.
Erakusketaren ordutegia
Erakusketa ikusteko asmoa dutenek etzira bitartean 17:00etatik 20:00etara aurkituko dute Torrekua zabalik. Asteburuan, berriz, Erdi Aroko Azoka dela eta, goizez eta arratsaldez egongo da irekita: 11:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 21:00etara.
Bost egunetan egongo da erakusketa martxan, eta herritar guztiak animatu dituzte bertatik pasatzera.