Abaraxka ludotekak ateak zabalik izango ditu datorren astean
Haurrek eta gurasoek ezagutu ahal izango dute; aurten bazkideek ez dute bazkide kuota ordaindu beharko Abaraxka ludotekak ateak irekiko ditu hilaren 24tik 28ra. Ludoteka barrendik ezagutzeko aukera izango dute Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. maila bit...
Haurrek eta gurasoek ezagutu ahal izango dute; aurten bazkideek ez dute bazkide kuota ordaindu beharko
Abaraxka ludotekak ateak irekiko ditu hilaren 24tik 28ra. Ludoteka barrendik ezagutzeko aukera izango dute Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. maila bitarteko haurrek, baita horien gurasoek ere.
Ateak zabaldu ondoren, urriaren 1ean hasiko dute ikasturtea ludotekan. Bertako ekintzetan parte hartu nahi dutenek bazkide izan beharko dute data horretatik aurrera. Aurten berezitasun bat izango du bazkidetzak, ordea: lehen aldiz, doan izango da.
Gazte Informazio Bulegoan eman behar izena: Mendiburu kaleko bosgarren zenbakian, astelehenetik ostiralera 17:30etik 19:30era, eta larunbatetan, 10:30etik 13:30era. Aurreko urteetan bazkide izan direnek argazki bat eraman beharko dute, eta bazkide berriek, berriz, bi.
Ekintzak eta urtebetetzeak
Abaraxka ludotekak ekintza «ludiko eta hezitzaileak» antolatzen ditu astelehenetik ostiralera, 16:30etik 19:30ra: eskulanak eta tailerrak, jolasak, sukaldaritza, antzerkia, zinema, mozorroak… Ludotekako programazioa gurasoek ere ezagutu ahal izateko, www.gazteoiartzun.net webgunean egongo da zintzilikatuta.
Bestalde, Abaraxka ludotekak bertako materialaren (mozorroak, puzzleak, ipuinak, mahai jolasak eta txotxongiloak) mailegu zerbitzua ere eskaintzen du. Mailegu zerbitzua erabili ahal izateko bazkide izan behar da.
Aurten, beste berritasun bat ere izango du ludotekak: urtebetetze ospakizunak egingo dituzte. Hileko azken ostiralean, hilabete horretan urteak bete dituzten bazkideen urtebetetze festa rgingo dute, tarta eta jolasekin.