2011 urtearekin alderatuta autobusen erabiltzaile kopuruak gora egin du
Irungo Udaleko Mugikortasun sailak 2012ko abuztuko autobusen datuak jakitera eman ditu. Maiatzaren 14an abiatu ziren autobusen ibilbide berriak eta epe horren hirugarren hilabetean, hau da, abuztuan, 107.973 bidaiari eduki zituzten autobus zerbitzu pub...
Irungo Udaleko Mugikortasun sailak 2012ko abuztuko autobusen datuak jakitera eman ditu. Maiatzaren 14an abiatu ziren autobusen ibilbide berriak eta epe horren hirugarren hilabetean, hau da, abuztuan, 107.973 bidaiari eduki zituzten autobus zerbitzu publikoek.
Horiek horrela, 2011ko abuztuarekin alderatuta 12.830 erabiltzaile gehiago izan dituzte autobusek; %13,48 igoera, hain zuzen ere. Irungo Udaletik azaldu dutenez, “datu horrek goranzko joerari eusten diola adierazten du”. Izan ere, aurreko hilabeteetako erabiltzaile kopurua 2011 urteko kopuruekin alderatuz gero, ekainean %9,9 igoera eman zen, eta uztailean %11,7koa.
Hala, Cristina Laborda Mugikortasun ordezkariak adierazi duenez, “azkeneko hiruhileko honek geroz eta bidaiari gehiagok hiriko lineak erabiltzen dituztela adierazten du”. Era berean, ibilbide batzutan “oso emaitza onak” izaten direla azaldu du, “hala nola L-2 linean” gaineratu du.
Kontent taxibusarekin
Taxibusari dagokionez, “helburuak betetzen ari direla” ziurtatu zuen Labordak . “Hiriko garraio zerbitzu eraginkorragoa” ematen ari direla azaldu du: “erabiltzaile gutxiko autobusen geltokiak kenduz eta leku horiek eskaripeko zerbitzuekin sendotuz”.
Hala, guztira 52 erabiltzaile eduki dituzte taxibusek abuztuan. Meaka-Erdigunea ibilbidean 45 bidaiari izan dira, eta Landetxa-Ospitalea ibilbidean, berriz, 7. Dagoeneko, 302 bidaiarik erabili dute eskaripeko zerbitzua maiatzean abiatu zenetik.