“Jai jendetsuak eta partehartzaileak” izan direlako pozik agertu da udala
“Oso jai jendetsuak eta partehartzaileak izan dira”. Horrela mintzatu da Txomin Sagarzazu Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotziak 2012ko jaien balantzea egiterakoan. “Ia 80 jarduera izan dira, mota guztietakoak, eta ia denetan jende pila izan da. Adin guztietako jendeak hartu du parte, umeek, gurasoek, helduek, zaharrek… uste dut oso pozik egon gaitezkeela jaiekin, eta horretarako bidea eman duten guztiei gure esker ona azaldu nahi diegu, bai erakunde antolatzaileei, bai laguntzaileei, eta bai parte hartzaileei”, gaineratu du. Jaiak hasi baino lehenagoko agendako zenbait ekitaldi aipatu ditu Kultura arduradunak, hala nola, Guadaluperako Igoera, Xabier Leteri eskainitako kontzertu-omenaldia, edo txirrindularitza proba. “Aipatu behar da hilaren 6an parte hartze handia izan dela gero eta egonkortuagoa dagoen umeentzako txupinazo eta entzierroan zezen puzgarriekin, baita Margo Lehiaketan, Grafitti lehiaketan, kantineren desfilean eta Barrikadaren kontzertuan ere”, gehitu zuen. Izan ere, jaien hasiera ofiziala hilaren 7 baldin bada ere, koadrilen afarirako eguna da askorentzat jaietako lehen eguna, eta dagoeneko udalak egitarauan hala sartzen du, lehen festa egun bezala. Egunez egun, Itziar Mendizabal dantzariari urrezko intsignia jartzea, Izugarria erraldoi eta buruhandien konpartsaren jarduna, plastikozko motoen lasterketa edota Alardea nabarmendu zituen. “Hilaren 7an, Itziar Mendizabali urrezko domina jarri zitzaion oso ekitaldi berezi eta hunkigarri batean, umeentzako Danborrada izan genuen, Parrokian Salbea izan [...]
“Oso jai jendetsuak eta partehartzaileak izan dira”. Horrela mintzatu da Txomin Sagarzazu Hondarribiko Udaleko Kultura zinegotziak 2012ko jaien balantzea egiterakoan. “Ia 80 jarduera izan dira, mota guztietakoak, eta ia denetan jende pila izan da. Adin guztietako jendeak hartu du parte, umeek, gurasoek, helduek, zaharrek… uste dut oso pozik egon gaitezkeela jaiekin, eta horretarako bidea eman duten guztiei gure esker ona azaldu nahi diegu, bai erakunde antolatzaileei, bai laguntzaileei, eta bai parte hartzaileei”, gaineratu du.
Jaiak hasi baino lehenagoko agendako zenbait ekitaldi aipatu ditu Kultura arduradunak, hala nola, Guadaluperako Igoera, Xabier Leteri eskainitako kontzertu-omenaldia, edo txirrindularitza proba. “Aipatu behar da hilaren 6an parte hartze handia izan dela gero eta egonkortuagoa dagoen umeentzako txupinazo eta entzierroan zezen puzgarriekin, baita Margo Lehiaketan, Grafitti lehiaketan, kantineren desfilean eta Barrikadaren kontzertuan ere”, gehitu zuen. Izan ere, jaien hasiera ofiziala hilaren 7 baldin bada ere, koadrilen afarirako eguna da askorentzat jaietako lehen eguna, eta dagoeneko udalak egitarauan hala sartzen du, lehen festa egun bezala.
Egunez egun, Itziar Mendizabal dantzariari urrezko intsignia jartzea, Izugarria erraldoi eta buruhandien konpartsaren jarduna, plastikozko motoen lasterketa edota Alardea nabarmendu zituen. “Hilaren 7an, Itziar Mendizabali urrezko domina jarri zitzaion oso ekitaldi berezi eta hunkigarri batean, umeentzako Danborrada izan genuen, Parrokian Salbea izan zen, eta ondoren Titibiliti eta Danborradan jende ugari izan zen. Hilaren 8an aurten ere Hondarribian jende bailara izan genuen Alardea zela-eta, eta era berean Extremodurori Bentan egindako omenaldia oso arrakastatsua izan zen”.
Azken hiru egunak, jendez gainezka
Haurrei zuzendutako ekintza gehienak arrakastatsuak izan ziren, Kultura zinegotziaren ustez: “4 urte bitarteko umeentzako hilaren 9ko motor lasterketa ere urte gutxi batzuetan oso jarduera jendetsua bihurtu da. Sokamuturra, Izugarria taldeko erraldoi eta buruhandiak, eta Gernikako Arbola umeentzako parkeko jarduerak ere jendez gainezka izan ziren”.
Arrantzaleen eta Baserritarren egunetan giro berezia sortu ohi da, eta hala ulertu du Kultura arduradunak ere. “Hilaren 10ean Hildakoen Meza izan zen, sokamuturra, eta gazte zein helduen bazkaria. Musika aldetik Zea Mays eta Niko Etxart izan genituen, eta batez ere Luz de Putas taldearen 100. emanaldia. Azken egunean, Baserritarren egunean, jendez gainezka zegoen Zumardia, eta pilota partida, umeentzako txokolatada eta musika eskaintzak ere bai, aipatuta su artifizialez gain”.
Puntu ilun bakarra 8tik 9ra
Antolakuntzan izandako akats batzuk onartu ditu Sagarzazuk aurten. Esaterako, hilaren 9an Kemen dantza taldeak eskainitako emanaldian arazoak eduki zituztela aitortu du: “Zenbait antolamendu arazo eduki genituen, dantzarien emanaldiaren mailarekin bat etorri ez zirenak” esan du.
Udal gobernuak egindako balantzean “puntu ilun bat” nabarmentzen dute, hots, hilaren 8tik 9rako goizaldean Bentan izandako erasoa. Gazte koadrila batzuen arteko liskarrak izan ziren, eta Irungo gazte bat labankadaz zauritu zuten. Juan Mari Altuna Hiri Segurtasuneko zizegotziak azaldu duenez, labankadaz zauritutako gazteari alta eman diote dagoeneko: “18 urteko gazte batek 33 urteko beste bati eraso egin zion, eta zauri larriak eragin zizkion. Erasotzailea atxilotua izan da eta zauriak jasan dituen pertsonari gaur bertan eman diote alta ospitalean”.



