Epaiak alkate ohiei ez diela eragiten esan du PSE-EEk
Jazarpen kasuen harira ateratako epaiak garai hartako bi alkateei ez diela eragiten adierazi du PSE-EEk, prozedura judizialetik kanpo egon direlako: “Udal arkitektoak kalte moralak eragin izanaren kexa 1995 eta 2007. urte artean izandako gertaere...
Jazarpen kasuen harira ateratako epaiak garai hartako bi alkateei ez diela eragiten adierazi du PSE-EEk, prozedura judizialetik kanpo egon direlako: “Udal arkitektoak kalte moralak eragin izanaren kexa 1995 eta 2007. urte artean izandako gertaerengatik jarri zuen, eta Errenteriako Udalaren kontra jarri ere, instituzio bezala, ez udaleko gobernu taldeko ezta pertsona bakar baten kontra ere”.
Bi pertsona horiek “babes gabe” daudela adierazi du, eta bitartean Hirigintza Sailak 1995-2007 tartean EAJ, Ezker Batua eta EAko ordezkariak izan zituela “nahita ezkutatzen” ari direla esan du. Hainbat komunikabideren “erabilpen politiko eta elektoralista” salatu du.
PSE-EE ez dago ados epai horrekin, eta “baliogabe” uzteko eskatu du. Arrazoitu du epai “arbitrarioa” izan dela, eta “erabateko subjektibotasuna” erakusten duten “iritzietan” oinarrituta dagoela, “inpartzialtasunetik eta objektibotasunetik urrun”.
Horrenbestez, egungo alkate Julen Mendozari epai horren kontrako helegitea jartzeko eskatu dio, “ez baitu inongo funts juridikorik”. Horrez gain, zigor horrek herriari “kalte gogorra” eragingo diola iritzi dio.

