Iritzia: Seme-alabei itzuli beharreko munduaz
21 hilabeteko alaba dut. Aita izatearen ezaugarrietako bat, zure bizitzan pertsona berri batekin harreman berezia sortu eta eraikitzea da. Inoiz sentitu gabeko lotura eta emozioak sortzen dira bat-batean eta beste pertsona baten etorkizunari, heziketari eta erantzun beharreko galderei buruz (parrandak, sexua, politika…) pentsatzea dakar. Gurasoek erraz ulertuko duzue zertaz ari naizen, besteei gehixeago kostako zaie. Beste gai batzuekin egin izan dudan bezala, azkenaldiko gertakari baten bueltan, nire alabarekin izango nukeen elkarrizketa imajinatu izan dut egunotan: - Aita, zergatik dago jendea amarekin haserre? - Jendea ez dago amarekin haserre. Kontua da, berak herriko gaietan erabaki batzuk hartu behar dituela, eta jendea ez dago ados erabaki horietako batzuekin. -Zerekin ez daude ados, ba? -Ba zure amak jendearen hondakinak jasotzeko modua aldatzea proposatu du eta batzuk ez daude ados proposatu duenarekin. - Eta zergatik aldatu nahi du? Esan amari jendeari nahi duena egiten uzteko! - Bai, baina, aldatu behar da. Horrekin denak daude ados, baina, nola aldatu da arazoa. - Eta zer proposatu du amak? - Amak jendeari hondakinak etxean bereiztera behartzen dion sistema ezartzea proposatu du. Hala, zabor gehiena berriz ere erabiltzeko aukera dago. - Jendeak orain ez du bereizten, edo? - Askok ez. Gainera, amak egindako proposamenarekin gaur egun guk ere [...]
21 hilabeteko alaba dut. Aita izatearen ezaugarrietako bat, zure bizitzan pertsona berri batekin harreman berezia sortu eta eraikitzea da. Inoiz sentitu gabeko lotura eta emozioak sortzen dira bat-batean eta beste pertsona baten etorkizunari, heziketari eta erantzun beharreko galderei buruz (parrandak, sexua, politika…) pentsatzea dakar. Gurasoek erraz ulertuko duzue zertaz ari naizen, besteei gehixeago kostako zaie.
Beste gai batzuekin egin izan dudan bezala, azkenaldiko gertakari baten bueltan, nire alabarekin izango nukeen elkarrizketa imajinatu izan dut egunotan:
– Aita, zergatik dago jendea amarekin haserre?
– Jendea ez dago amarekin haserre. Kontua da, berak herriko gaietan erabaki batzuk hartu behar dituela, eta jendea ez dago ados erabaki horietako batzuekin.
-Zerekin ez daude ados, ba?
-Ba zure amak jendearen hondakinak jasotzeko modua aldatzea proposatu du eta batzuk ez daude ados proposatu duenarekin.
– Eta zergatik aldatu nahi du? Esan amari jendeari nahi duena egiten uzteko!
– Bai, baina, aldatu behar da. Horrekin denak daude ados, baina, nola aldatu da arazoa.
– Eta zer proposatu du amak?
– Amak jendeari hondakinak etxean bereiztera behartzen dion sistema ezartzea proposatu du. Hala, zabor gehiena berriz ere erabiltzeko aukera dago.
– Jendeak orain ez du bereizten, edo?
– Askok ez. Gainera, amak egindako proposamenarekin gaur egun guk ere bereizten duguna baino gehiago bereiziko dugu. Eta horrela gehiago erabili ahal izango da berriro.
– Orduan, zein da besteek egiten duten proposamena?
– Orain arteko antzera jarraitu nahi dute. Gehiago biltzeko proposamena ere egin dute besteek, baina, beraien proposamenarekin ez da inoiz amak egindakoarekin bezainbeste biltzen.
– Eta, zergatik ezin da orain arte bezela segi?
– Hondakin gehiegi dago eta ez dago lekurik hainbesterentzat. Berriro erabili behar da edo beste aukera bat erretzea da. Erretzea da, besteek proposatzen dutena.
– Erreta zaborra desagertzen da. Zergatik ez du hori proposatu amak?
– Erreta, hondakina ez da desagertzen. Kea eta hautsa bihurtzen da. Eta horiek asko kutsatzeaz gain, osasunarentzat oso arriskutsuak dira. Leku bereziak behar dira horientzat.
-Ah, bai. Zein arrisku dute, ba?
-Ba, jendea gaixotu egin daiteke. Minbizia bezalako gaixotasun larriak sor ditzake.
-Eta amak egiten duen proposamenarekin ez da zaborrik geratzen erretzeko? Ez da kutsatzen eta jendea gaixotzen?
– Amak egin duen proposamenarekin zaborra geratuko da, bai. Oso gutxi, ordea, eta hori ez da erretzen. Geratzen den zaborrari errefusa deitzen diote eta erre ondorengo hautsak ez bezala, ez du kutsatzen eta ez du osasunarentzat arriskurik. Nonbait gorde daiteke.
– Aita, ez dut ongi ulertzen. Denak aldatu behar dela diote eta amak proposatzen duenarekin, zabor gehiago erabil daiteke berriro, ez?
– Bai.
– Eta, zaborra ez da erretzen.
– Ez.
– Horrela, ez du kutsatzen eta ez du jendea gaixotzen.
– Hori da.
– Zergatik dago, orduan, jendea kontra?
– Ba… nik ere ez dut oso garbi, Garazi. Jendeari bere ohiturak aldatzea kosta egingo zaiolako, edo ez duelako etxean bereizi nahiko edo zikinagoa irudituko zaielako edo…
– Bai, baina, beraiena aurrera ateratzen bada aita, guk ere kutsadura hori sufrituko dugu eta gaixotzeko arriskua izango dugu! Aita, uste dut orain ere amak arrazoia duela eta lagundu behar diozula bere proposamenarekin.
– Bai ttiki, saiatuko naiz ni ere amaren proposamena aurrera atera dadin laguntzen.
Fikzio hutsa, noski. Baina, familia batean baino gehiagotan eman daitekeen elkarrizketa dela iruditzen zait. Gure mundua arbasoen herentzia baino gehiago, gure seme-alabek, bere egin arte, maileguan utzi diguten zerbait dela pentsatzen dut. Noizbait azaldu beharko diegu zergatik itzuli diegun mundua itzuli diegun bezala. Nahikoa kutsadura badute jada, minbizia kasuak ugaritzen, zoritxarrez, gehiegi ikusi dut inguruan. Nik behintzat, ez nieke errauste plantez betetako mundua utzi nahi. Horretarako, alternatiba baldin badugu, zorionekoak gu! Balia dezagun!
Iker Salaberria Urkizu. Lezo. Aita eta Bilduko zinegotziaren bikotea.

