PSE-EEk EAJrekin “akordio politikoa” lortu du San Marko Mankomunitateko presidentetza eskuratzeko. Horrela jakinarazi zuten atzo Denis Itxaso Donostiako Udaleko zinegotzi eta bere alderdiko Gipuzkoako Ingurumen arduradunak zein Susana Corcuera udal politikako buruak. Sozialistek iragarri dutenez, akordio horren ondorioz, Itxaso bera izango da presidente berria. Egungo presidentea Ainhoa Intxaurrandieta Bilduko zinegotzi lezoarra da. Gaur emango du mankomunitateko presidenteak erabakiari buruzko iritzia.
Gehiengoa eskura dezakete bi alderdien botoak zein PPrenak bat eginez gero. Hiru alderdiek ezohiko batzarra behartu dute datorren hilaren 26rako (egun horretarako euskal gehiengo sindikalak greba deitu du).

Uda hasi baino lehen Donostiako zein Lasarte-Oriako udalek San Marko Mankomunitatean dituzten ordezkariak aldatu zituzten. Hala ere, sozialisten ustez, San Markoko agintea Bilduri kentzea “ez da nahikoa izango”, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa (GHP) erakundean gehiengoa izaten jarraituko baitu Bilduk.
Zentsura mozioa
Hondakinen kudeaketatik haratago, foru gobernu osoaren kontrako zentsura mozioa aurkezteko gonbita egin dio PSE-EEk EAJri —PP alderdia ere batuko litzaieke—. “Ausartak izan daitezen eskatzen diegu, euren esku baitago Bilduren gobernuaren kudeaketa kaxkarra bertan behera uztea”, adierazi dute sozialistek.
Corcueraren arabera, Zubietako errauste planta ez egiteak eraikuntza enpresei “23 milioiko kalteordaina» ematea suposatuko luke. Horrez gain, hilean 300.000 euro “xahutzen” direla esan du, “planta eraikitzeko eskatutako kredituak ordaintzen”.
Horrez gain, sozialistek esan dute Bilduren gobernuak pixka bat gehiago irauten badu, ondorioak “atzeraezinak” izango direla. “Hondakinen gaia nola kudeatuko den ez dakigunean, San Marko Mankomunitateko hainbat udalerritan atez ateko bilketa martxan jartzeko puntuan daude”.
Mankomunitatean aldaketa egiteko “jartzen ari diren oztopoak» ere salatu ditu Itxasok, eta bera presidente denean erakundera «normaltasuna berriro iritsiko2 dela gaineratu du.
Bere helburuak azaldu zituen. Alde batetik, Bilduk “ezarri zituen soldatak” kendu nahi dituzte. Bestetik, San Markoko zabortegia guztiz ixteko prozedura “ahalik eta azkarren” egiteko konpromisoa hartu du. Azkenik, bosgarren edukiontzia —hondakin organikoak jasotzen dituena— ezartzeko nahia duela jakinarazi du. Hala ere, arrazoi nagusia hondakinen atez ateko bilketa sistemaren “inposizioa” ekiditea izango dela esan dute sozialistek. Ildo horretan, mankomunitateak Garbitaniarekin dituen akordioa eteteko asmoa du. “Lan zaila izango dela badakigu, baina aurrera eramateko borondate irmoa dugu”, azaldu zuen Itxasok.
“Lanean jarraituko dugu”
San Markoko agintea hartuta, GHPko ordezkaritzaren %50 izango lukete (San Markok %33 du, Txingudik %8 eta Debabarrenak %7), eta euren erabakiak errespetatuko ote dituen galdetu diote aldundiari; foru gobernuaren erantzuna laster iritsi da. Horrela, Larraitz Ugarte eledunak esan du hondakinen kudeaketa planarekin jarraituko dutela. Era berean, adierazi du PSE-EE eta EAJrena ez dela “mugimendu berri bat”, baizik eta “Gipuzkoako oposizioak markatuta duen norabidean beste urrats bat”.
Ugartek gogorarazi du Europak euren kudeaketa plana onartzen duela. Gainera, aldundiak Gipuzkoako bitartekari gisa aritu behar duela argitu du.