Jipoituak eta nazkatuak
Hilaren 8ko arratsaldeko desfilean Kale Nagusian izandako liskarrak gogor salatu dituzte Jaizkibel konpainia osatzen duten gizon eta emakumeek. Atzo arratsaldean prentsaurrekoa egin zuten Kale Nagusirako sarbidea den Santa Maria atearen aurrean euren haserrea plazaratzeko. Komunikabideen aurrean konpainiako kide batzuk beltzez jantzita agertu ziren, eta, Jaizkibelen desfilatzen duten haurrak eta haien gurasoak, zuriz. Herrizaingo Sailari eta Aitor Kerejeta alkateari ardurak eskatu zizkieten. Jaizkibelek salatu zuen haiek babesteko eginbeharra zuten ertzainak “bortizki oldartu” zitzaizkiela, eta liskarrak haurrak zeuden lekuan gertatzea “bereziki larria” izan zela nabarmendu zuen: “Gure haurrak desfilera eraman genituen Herrizaingo Sailak ziurtatu zigulako ez zitzaiela ezer ere gertatuko”. Hala, hiru puntutan laburbildu zituzten euren salaketak konpainia parekidekoek. Batetik, Kale Nagusian arratsaldean gertatutakoa “Alarde Fundazioak antolatutako indarkeriazko kontramanifestazioa” izan zela esan zuten; bestetik, Aitor Kerejeta alkatea kritikatu zuten, «berak ematen diolako Alarde Fundazioari baimena hori egiteko»; eta azkenik, Herrizaingo Sailaren eta horren buru Idoia Mendiaren kontra jo zuen Jaizkibelek: “Jaizkibel konpainiari Emakunderen saria eman zion pertsona berberak” zuzentzen duelako egun Herrizaingo Saila. Alta, konpainia parekideko kideek atzo esan zuten jaiak era baketsuan egiteko ardura “denena” dela, eta eurek horren alde lan egingo dutela. Gainera, nabarmendu zuten alardearen egunean herritarren gehiengoak harrera ona egin ziela. Arratsaldeko istiluak Goizeko desfilean ez zen istilu [...]
Hilaren 8ko arratsaldeko desfilean Kale Nagusian izandako liskarrak gogor salatu dituzte Jaizkibel konpainia osatzen duten gizon eta emakumeek. Atzo arratsaldean prentsaurrekoa egin zuten Kale Nagusirako sarbidea den Santa Maria atearen aurrean euren haserrea plazaratzeko. Komunikabideen aurrean konpainiako kide batzuk beltzez jantzita agertu ziren, eta, Jaizkibelen desfilatzen duten haurrak eta haien gurasoak, zuriz. Herrizaingo Sailari eta Aitor Kerejeta alkateari ardurak eskatu zizkieten.
Jaizkibelek salatu zuen haiek babesteko eginbeharra zuten ertzainak “bortizki oldartu” zitzaizkiela, eta liskarrak haurrak zeuden lekuan gertatzea “bereziki larria” izan zela nabarmendu zuen: “Gure haurrak desfilera eraman genituen Herrizaingo Sailak ziurtatu zigulako ez zitzaiela ezer ere gertatuko”.
Hala, hiru puntutan laburbildu zituzten euren salaketak konpainia parekidekoek. Batetik, Kale Nagusian arratsaldean gertatutakoa “Alarde Fundazioak antolatutako indarkeriazko kontramanifestazioa” izan zela esan zuten; bestetik, Aitor Kerejeta alkatea kritikatu zuten, «berak ematen diolako Alarde Fundazioari baimena hori egiteko»; eta azkenik, Herrizaingo Sailaren eta horren buru Idoia Mendiaren kontra jo zuen Jaizkibelek: “Jaizkibel konpainiari Emakunderen saria eman zion pertsona berberak” zuzentzen duelako egun Herrizaingo Saila.
Alta, konpainia parekideko kideek atzo esan zuten jaiak era baketsuan egiteko ardura “denena” dela, eta eurek horren alde lan egingo dutela. Gainera, nabarmendu zuten alardearen egunean herritarren gehiengoak harrera ona egin ziela.
Arratsaldeko istiluak
Goizeko desfilean ez zen istilu larririk gertatu, baina, urtero bezala, Kale Nagusiko bi espaloietan elkartu ziren emakumeak alardean parte hartzearen kontra daudenak. Aurten ere plastiko beltzen atzean ezkutatu ziren, eta maskara zuriak jantzita zeramatzaten. Konpainia parekidea Kale Nagusia igotzen hasi zenean Betiko alardea leloarekin kartelak azaldu eta irain larriak bota zituzten Jaizkibelekoen zein haiek sostengatzera hurbildu ziren ordezkari politikoen kontra. Nolanahi ere, aurten ere aurreko urtean baino gehiago izan dira Jaizkibeleko gizon eta emakumeei txalo egiteko Kale Nagusian plastiko beltzen aurrean jarri direnak, baita Arma plazan gora eta Kale Nagusian behera ere.
Arratsaldeko desfilean izan ziren istiluak. Plastiko beltzen atzean gordeta zeudenetako batek konpainia parekideko kide bat bultzatu zuen. Gertuen zegoen ertzainak, bultzada eman zuena identifikatu beharrean, haren jarrera arbuiatzera joan zen kidea kolpatu zuen. Hori ikusita Jaizkibeleko hainbat kide laguntzera joan zitzaizkion, eta horien aurka hasi ziren gainontzeko ertzainak ere. Hainbat lagun kolpatu zituzten, besteak beste, eskopeten kulatak, ukabilkadak eta negar eragiteko espraiak erabiliz.
Larruskain kapitainak atzo goizean Hitza-ri azaldu zionez, igoera tentsio handikoa izan zen: “Lehenengo txilibitua jotzen zuten haurrek bultzadak jasan zituzten, eta haurrak gurekin hartu behar izan genituen aurrera egiteko. Izututa igo ziren haurrak Arma plazaraino. Ondoren, konpainia puskatu zen, danborren atzetik. Toki berean, lehenengo bultzada eman zuten berberek egin zuten bultzada berriro, eta ertzainak gure kontra hasi ziren”.
Larunbat arratsaldeko istilu handienak Jaizkibel konpainiako azken lerroetan gertatu ziren, kubero bezala aritzen diren umeen aurrean. Hori dela eta, ertzainek kolpatutako gehienak haur horien gurasoak dira. Kale Nagusiko ibilbidea arinagoa egiteko seme alaben ondoan desfilatzen dute. “Ertzainek hiru urteko haurrak besoetan hartuta zituzten gurasoak bultzatu” zituztela salatu zuen Larruskainek.
Liskarrak izan zirenean konpainiaren kide gehienak Arma plazan zeuden, gainontzeko partaideen zain. Zerbait gertatzen ari zela ikusirik, batzuk Kale Nagusian behera joan nahi izan zuten, baina poliziek hori egitea galarazi zieten. Jaizkibeleko arduradunek azaldu zutenez, konpainian desfilatzen duen Bilduko zinegotzi bat ere kolpatu zuten, sabelean, “zinegotzia zela esan eta zer gertatzen ari zen ikustera joan nahi zuela esan arren”. Zinegotziak gero esan zuenez, polizien arduradunak bere aurrean onartu zuen egoerak eskuetatik ihes egin ziela.



